Hispanitatearen Egunean, Antonio Basagoiti PPko hautagaiak Guardia Zibila zoriondu du, bakea «haien esfortzu eta lanari» zor zaiolako. «Ez du inork oparitu». Guardia Zibila zoriondu ondotik, PPren lehendakarigaiak alderdi abertzaleei «haustura eta zatiketa» eragitea egotzi die. Hori irudikatzeko, sokatira bat antolatu du: alde batean, Basagoitiren gidaritzapean dago kalez jantzitako talde bat, eta bestean, kamisetetan Urkullu, zatiketa, haustura, Mintegi eta Artur Mas idatzia duten PPko gazte batzuk. Zer esanik ez, Basagoitiren taldeak irabazi du lehia.
Antzezpen horren esanahiari buruz inori zalantzarik geratu bazaio, berehala argitu du Basagoitik. Haren ustez, EH Bilduk eta EAJk euskal gizartea «sokatira bat» bihurtu nahi dute, eta tentsioa «gorenera eraman». Euskal herritarren artean bazterketa eragitea, lehen eta bigarren mailako herritarrak sortzea eta hizkuntza inposatzea egotzi die besteak beste indar abertzaleei. «Ezein euskal herritar ez da baztertua sentitu behar, ezta bere jatorriagatik, abizenagatik edo euskararen ezezagutzagatik bereiztu behar ere».
Sabino Arana, «asmatzaile»
Abertzaletasunaren aurkako mezuarekin eroso sentitzen dela erakutsi du, eta agintari abertzaleei nagusikeriaz jokatzea aurpegiratu die. «Urkulluren moduko abertzaleek gezurrezko oinarri bat dute: uste dute euskal herritar izateko abertzale izan behar duzula. Gainerakoek baino eskubide gehiago dutela».
Kanpainan orain arte egin bezala, EAJri egin dio kritika gehien. Haren esanetan, EAJk bere pentsamoldea «inposatu nahi du». Bere tesia egiaztatu nahian, duela ehun urteko euskal gizartean EAJren sortzaile Sabino Aranak erabiltzen zuen maketo hitza hartu, eta gaur egungo testuingurura eraman du. «Abertzaleen pentsamolde hertsia erakusten du. EAJn agintzen dutenek oraindik ere miresten dute horrelako kontzeptuak asmatu zituena». Aranak «lurraldeen eta pertsonen zatiketa» asmatu zuela adierazi du Basagoitik.
Ildo beretik jarraitu du uneoro. PPk aste honetan ekitaldi bat Unamuno plazan egitea jeltzaleek probokaziotzat jotzea harrigarritzat jo du. «Jaungoikoari eta lege zaharrari egiten diote deia, eta uste dute kalea eurena dela, eta mundua batzoki bat dela». Haren esanetan, «euskal herritar izatea hemengoa izatea da, eta gainerakoak tontakeria eta obsesio nazionalistak dira».
Kanpaina osoko mezu nagusia da. Eskaera, berriz, zehatza: «Abertzale ez direnei eskatzen diegu ez diezaiotela botoa eman EAJri, horrek bereizketaren eredua sendotzen duelako». Bere beldurra aitortu du.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
PPk euskal gizartea sokatira bat bihurtu nahi izatea egotzi die EH Bildu eta EAJri
Abertzale ez direnei EAJri botorik ez emateko eskatu die, «bereizketaren eredua sendotzen duelako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu