Iragan ostiralean EAEko PPko lehendakariak egin bezala, EAEko PPko idazkari nagusi Iñaki Oiartzabalek gogor kritikatu zuen atzo Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopez azkenaldian egiten ari den lana eta betetzen ari den eginkizuna, baina zehaztu zuen PPk ez duela asmorik Lopezen gobernuaren aurka zentsura moziorik aurkezteko.
Zentsura mozioaren ideia EAJko EBBko lehendakari Iñigo Urkulluk bota zuen asteburuan, Basagoitiren adierazpenak aintzat hartuta, Lopez «iparra galduta» dabilela esan baitzuen PPko buruak. Oiartzabalek atzo, Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, berretsi egin zituen Basagoitik Lopezi eginiko kritikak, baina baztertu egin zuen zentsura mozioa aurkeztea, «euskal gizartearentzat kalterako» izango litzatekeela argudiatuta. «Elkarrekin arraun egitea» proposatu zuen Oiartzabalek, eta «urratsak egitea» PP, PSE-EE eta EAJren arteko akordioak egiteko.
Oiartzabalek azaldu zuenez, PPk «leialtasun handia» erakutsi du, «unerik zailenetan», Lopezen gobernuarekiko «euskal erakundeen egonkortasuna ziurtatzea oso garrantzitsua delako».
Dena den, Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eskatu zion atzera egin dezala Espainiako Gobernuaren «oposizio izateko asmoetan».
PPk ez du Lopezen aurka zentsura moziorik aurkezteko asmorik
Iñaki Oiartzabalek, dena den, Raxoiren kontrako oposizio lana egin ez dezala exijitu dio lehendakariari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu