Erabakitzeko eskubidearen alde egin eta ekainaren 10eko giza katea babestu zuten igandean, Gernikan (Bizkaia), Euskal Herri osoko 200 hautetsik baino gehiagok. Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko ditu kate horrek, eta hiru hiriburu horietako alkateek —Eneko Goia, Juan Mari Aburto eta Gorka Urtaran jeltzaleek— eta Iruñekoak —Joseba Asiron EH Bildukoak— euren babesa adierazi diote ekaineko ekitaldi horri. Herenegun Gernikan egindako ekitaldi horretan, ordea, Gorka Urtaran izan zen jendaurrean agertu zen alkate bakarra. Hori dela eta, PPk gogor kritikatu zuen atzo, eta egotzi zion «bere ideologia eta interes sektarioak lehenestea», eta albo batera uztea, horregatik, Gasteizko herritarren lehentasunak.
Ainhoa Domaika Gasteizko PPko zinegotziak Urtarani egotzi dio herritarrak «kontsulta independentista baten alde» mugiaraztera deitu izana. Gernikako ekitaldian Gasteizko alkate gisara agertu zelako, hiri osoa ordezkatuz joan zelako eta euskal alkateen artean agerraldi hartan parte hartu zuen bakarra izan zelako. «Haren interesak eta ideologia hiriaren lehentasunen aurretik jarri ditu berriro. Agerian gelditu da Gasteizko historiako alkaterik erradikalenaren aurrean gaudela. Eskatzen dioguna da utz dezala albo batera bere sektarismoa eta lan egin dezala gure hiria paralisi egoera honetatik ateratzeko».
Hautetsien mezua
Bi aste baino gutxiago falta dira erabakitzeko eskubidearen alde Hego Euskal Herriko hiru hiriburu lotuko dituen giza katea osatzeko. Hori gogoan, ekitaldi berezia antolatu zuen Gure Esku Dago-k, igandean, Gernikan. Ekainaren 10eko mobilizazioari babesa agertu, bertan parte hartzera deitu, eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuten bertan. Idurre Bideguren Bermeoko alkateak (EH Bildu) eta Olatz Peon Tolosako alkateak (EAJ) irakurri zuten manifestua. Zera diote bertan, besteak beste: «Sufrimendu handiko aro bat ixten ari gara herri gisa, eta etorkizuna gure esku izango den aro berria zabaldu nahi dugu. Demokrazian, askatasunean eta herritarron borondate demokratikoan oinarritutako ziklo berri bat irekitzea dagokigu, eta gure ekarpena egiteko prest gaude norabide horretan».
Hautetsiek salatu dute egungo egoerak mugatu egiten duela herriek aurrera egiteko aukera eta, beraz, beharrezkoak direla tresna berriak «etorkizuna elkarrekin eraikitzeko». Egoera horretan, erabakitzeko eskubidearen aldarriak «inoizko babesik handiena» izan behar duela diote, «epe luzerako bizikidetza bermatzeko, ezinbesteko baldintza baita gure etorkizuna hemen eta guk erabakitzea. Euskal Herrian eta euskal herritarrok». Ekainaren 10a, bide horretan, «ezinbesteko mugarria» izango dela diote.
PPk Urtarani egotzi dio «bere ideologia lehenestea» GEDen ekitaldia babestuz
Gasteizko historiako alkaterik «erradikalena» izatea aurpegiratu diote. Hego Euskal Herriko lau alkateek babestu dute ekainaren 10eko katea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu