PPk ziurtatu du Memoriari buruzko biltzarrean ez dela Gisasola egongo

Herrizaingo sailburuak iragarri du euskal presoa Memoria eta Bizikidetza kongresura eraman nahi duela

Erredakzioa
Bilbo
2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailak hil honetarako antolatu duen Memoria eta Bizikidetzari buruzko Biltzarraren inguruan polemika piztu da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak iragarri du Carmen Gisasola euskal presoak parte hartzeko «gestioak» egiten ari dela, baina EAEko PP erabat aurka agertu da. Antonio Basagoitipresidenteak iragarri du Espainiako Barne Ministerioak ez duela halakorik baimenduko. Argi hitz egin du EAEko PPko buruak: «Gisasola ez da etorriko [biltzarrera], Barne Ministerioak ez duelako bere oniritzia emango». Haren esanetan, «erabat baztertuta» dago Gisasola Bilboko kongresuan egotea.

ETAko kide izan da Gisasola. Erakunde armatuarekin kritiko azaldu eta gero, ETA uztea erabaki zuen 2008an. Egun, Langraizko kartzelan dago. Basagoitirentzat, baina, ez da nahikoa presoak ETAtik aldendu izana: «Gauza bat da Gisasolak ETArekin apurtu izana eta kritikoa izatea, eta beste gauza bat da duela gutxi arte hiltzaile bat izan den pertsona bat eredugarritzat jotzea eta Kongresura eramatea».

Carmen Gisasola presoak Bilboko biltzarrean parte hartzea nahi dutela Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak iragarri zuen atzo. Argitu zuen kudeatzen ari direla parte hartze hori nola gauzatu, baina oraindik gestioak bukatu gabe dituztela argitu zuen.

Aresek azaldutakoaren arabera, biktima guztien testigantzak eta proposamenak bildu nahi dituzte biltzarrean; tartean, ETA, GAL eta BVE taldeenak. «Euskadin bakea, askatasuna eta bizkidetza egonkortzeko» helburuarekin jaso nahi dituzte lekuko horiek, haren esanetan.

Biltzarra maiatzaren 14tik 20ra bitartean egingo da, Bilbon, EITBren egoitzan, «terrorismoaren astindua eta askatasun gabezia» pairatu duten pertsonen memoria jasotzeko asmoz. Gonbidatuen artean, prozesu historikoen arloko nazioarteko adituak, kazetariak, idazleak, alderdiak eta talde bakezaleak daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.