Bizkaiko PPko presidente Raquel Gonzalezek eta idazkari nagusi Eduardo Andradek dimisioa eman dute, eta «zuzendaritzan aldaketa bat egotea» erraztuko dute hala. Astelehenetik aurrera, kudeaketa batzorde batek hartuko du Espainiako alderdi eskuindar horren Bizkaiko gidaritza. «Gaur egungo egoera politikoaren aurrean», esan dute zuzendaritzako kide ohi biek, «garrantzitsua zen barne egitura berregituratzea, indarrak berritzea, eta beste ikuspuntu batzuei lekua ematea».
Ohar batean, Gonzalezek eta Andradek azaldu dute garrantzitsua dela haientzat «Bizkaiko PP berriro kokatzeko aukerak ematea», aldaketa bat bideratuta. Hala ere, Bizkaiko Batzar Nagusietako popularren eledunak eta Getxoko Udaleko popularren eledunak ardura kargu horietan jarraituko dute. Erakunde horietan, Espainiako indar eskuindar horren hautagai izango dira hurrengo bozetan. Bien bitartean, kudeaketa batzorde batek hartuko du Bizkaiko zuzendaritza.
Espainiako PPko zuzendaritzak emango dio oniritzia batzorde horretan ariko direnei. Hala, Bizkaiko afiliatuen batzarrean egongo dira, datorren asteartean, PPko idazkari nagusi Miguel Tellado eta EAEko PPko presidente Javier de Andres. Bilera horren ostean emango dute batzordearen nondik norakoen berri.