Gernika paradigma gisa

Kanpaina betean murgildu dira alderdiak gaur. EAJk kirol eremuetarako eta industriarako inbertsioak izan ditu hizpide; EH BIlduk aldaketaren premia azaleratu du; Elkarrekin Podemosek esan du haiek direla gauzak alda ditzaketen «ezker bakarra»

EH Bilduren mitina, Gernikan. ARITZ LOIOLA / FOKU
EH Bilduren mitina, Gernikan. ARITZ LOIOLA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2024ko apirilaren 12a
14:30
Entzun

EH Bilduk Gernikan egin du eguneko ekitaldi nagusia, Bizkaian. Bi hizpide eduki ditu Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak, Gernika paradigma gisa azaltzeko. Batetik, Guggenheim Urdaibaiko museoaren eraikuntza, eta bestetik udalaren kudeaketa, EAJk Jose Mari Gorroñorekin egindako akordio bati esker oraindik Gorroñoren gidaritzapean segitzen duena.

Otxandianok esan duenez, Guggenheim Urdaibairen sustapena lantzen ari direnek ez dute argitu oraindik helburu ekonomikoa, kulturala edo ingurumenari lotutakoa duen.

Balizko museo horren helburua ekonomikoa bada, galdetu du zer eredu ekonomiko sustatu nahi duten: «Norbaitek argitu behar du herrialde industrial bat izan nahi dugun, bertan errotutako industriarekin, kalitatezko enpleguarekin edo izan nahi dugun turismoari emandako eredu ekonomiko bat». Helburua kulturala bada, horren argibideak eskatu ditu. Eta helburua kutsatutako lur batzuk berreskuratzea bada, Otxandianoren esanetan ez du «ez hanka ez buru« klima larrialdiko testuinguru batean museo baten eraikuntza proposatzea lur batzuk errekuperatzeko.

Bestetik, Gernika udalerria bera hartu du hizpide. Iazko udal hauteskundeetan Gernikan EH Bilduk atera zituen boto gehien. Otxandianoren hitzetan, «herri mandatua» izan zen aldaketa koalizioak lideratzea, eta ezberdinen arteko akordio bat egiteko prest zeuden. «Baina ez zen posible izan. Ez bertako eragileak ez zeudelako prest. Gernikatik urruti, beste batzuk beste bulegoren batean hartu zutelako erabakia, interes alderdikoiak lehenetsiz, ez herritarren interesak lehenetsiz».

Guggenheim Urdaibairen museoarekin eredu bat jarri du auzitan. Eta Gernikako Udalean gertatutakoarekin apirilaren 21eko emaitzen arabera gerta litekeena azaldu du. Otxandianoren ustez, herri mandatu bat egongo da, eta erantzun beharko zaie datozen erronkei ezberdinen artean eraikitako herri proiektu batekin. «Herri hau ezin da gehiengo osoz gobernatu, behartuak gaude akordioetara». Akordio horiek ezberdinen artean izan beharko dutela eta posible direla esan du, «elkarguneak badaudelako». Esan du EH Bilduk baduela «anbizio nazionala», eta aldaketaren unea «orain» dela: «Tentazioa dago betikoak betikoa egiten jarraitzeko. Horregatik uste dugu bildu dela berme bakarra aldaketa egon dadin». Mitinera bildutakoei eskatu zien lanean segitzeko, «historiako emaitzarik onenak lortzeko, aldaketa orain behar dugu».

Goizean, berriz, Araban egin du ekitaldia. EH Bilduk «helburu klimatiko eta ekologikoekin bateragarria den eredu agroekologiko bat» eraikitzea proposatu du. Hala adierazi dute Itxaso Etxebarria eta Eva Lopez de Arroiabe Arabako hautagaiek kanpainako ekitaldi batean, Azilun, Iruraiz-Gaunan. Proposamen horren helburua da jaki osasuntsuen eta hurbilekoen ekoizpena bermatzea, ekoizleei bidezko prezioak ordaintzea, Baserritik mahaira estrategia gauzatzea eta Elikagai Katearen Legea benetan bermatzea. Etxebarriak azpimarratu duenez, «lehen sektorea indartsuagoa eta erresilienteagoa izatea eta diru laguntzen menpekotasuna murriztea lortu behar dugu».

Halaber, «elikadura burujabetza burujabetza energetikoa bezain estrategikoa» dela ohartarazi du, eta, klima aldaketaren efektuak gehien nozitzen dituzten sektoreetako bat dela kontuan hartuta, lehen sektoreak «protagonista» izan behar duela klima aldaketari aurre egiteko egokitzapenak aurrera eramateko orduan.

Horretarako, elikadura burujabetzarantz eta trantsizio agroekologiko horretan aurrera egiteko dekalogo bat proposatu du. Dekalogo horretan daude, besteak beste, eskualdeetan azpiegitura publiko-kolektiboak martxan jartzea tokiko eta sasoiko jakiak prozesatzeko eta banatzeko, jantoki publikoen sarean «erosketa publiko berdea» egitea, basoen trantsizio ekologikorako diru laguntzak egoki doitzea eta arrantza iraunkorrerako trantsizio plana martxan jartzea.

(ID_17129492887475) Imanol Pradales
Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia, Laudion. EAJ

Pradales: «Benetako kanpaina orain hasten da»

Imanol Pradalesek bi ekitaldi nagusi izan ditu gaur. Goizean, Donostian, eta arratsaldean Laudion, Araban. Azken egunetako gertaerek kanpaina itzalpean izan dute, eta hori ahots gora adierazi du Pradalesek, Laudion: «Benetako kanpaina orain hasten da»

Laudion industria politika eta Osakidetza izan ditu batez ere hizpide, eskualdean industriaren sektoreak duen garrantzia aintzat hartuta. Programan jasota duten moduan, 3.000 milioiko funts bat agindu du enpresak errotzeko, industria gehiago egon dadin lur gehiago eta inbertsioak erakartzeko planak agindu ditu. Sinestuta dago, kalitatezko enpleguak sortzeak areagotuko duela ongizatea. EAJren eredua hori izan dela esan du: «Apustu industrial serio eta fidagarria, esperimenturik gabe».

Bestetik, Osakidetza hartu zuen hizpide. Laudiok ez du bermatuta 24 orduz Etengabeko Arreta Gunea medikuarekin, 18.000 biztanleko herria izanda. Hitzeman du datorren legealdian jarriko duela.

Dei bat egin die bertaratutakoei EAJren proposamenak zabaltzen segitzeko. «Benetako kanpaina orain hasten da. Orain dugu aukera». Inkesten arabera, boto-emaileen %30ek zalantzak dituzte botoarekin, eta haiek konbenzitzeko lana egin dezaten eskatu die, «Joseba –Diaz Antxustegi– bezala, ahotsik gabe geratu arte». Izan ere, bi ereduen artean aukeratu beharko da, Pradalesen esanetan: «Ongizatean aurrera egitea edo atzera egitea. Errealismoarik gabeko agenda bat edo proposamen zehatzak eta egingarriak».

Goizean, berriz, Donostiako kirol eremurako inbertsioak agindu ditu. «Kirol hiri berritu bat» proposatu du, eta horretarako Anoetako kirol eremuan 50 milioi euro inbertituko dituela agindu du. Erdia Eusko Jaurlaritzak finantzatzea proposatu du, eta bestea Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. «Gure herriko kirol azpiegitura onena eta handiena bilakatzea da helburua».

Reale Arena futbol zelaiaren alboan egin du agerraldia, alboan zituela Bakartxo Tejeria EAJren Gipuzkoako zerrendaburua, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkatea. Pradalesek esan du askotariko kirolak egiten direla Anoetako kirol eremuan, eta inbertsio horren bidez dagoen eskaerari erantzutea dela xedea. Horretarako, Anoeta erabilera anitzeko pabiloi estali bilakatu nahi dute. Bide batez, haien ustez Gipuzkoan dagoen hutsune bat beteko dute 10.000 pertsona hartzeko moduko azpiegitura estali bat eraikita. «Anoeta XXI. mendera egokituko dugu».

Kirolak eta aisialdiak herritarren ongizaterako zer-nolako garrantzia duten azpimarratu du Pradalesek: «Kirola hezkuntza da, balioak, kohesioa eta identitate komunitarioa, dibertsitatea, sustapena, promozioa eta proiekzio globala eta ekitaldiak antolatzeko erakargarritasuna».

PSE mitina Gasteizen
PSE-EEren mitina, Gasteizen. PSE-EE

Uztailaren 23an Alderdi Sozialistari botoa eman ziotenek orain ere botoa emateko eskatu du Anduezak

Eneko Andueza PSE-EEren lehendakarigaiak uste du Espainiako Gorteetaran Alderdi Sozialistari botoa emateko balio zuten arrazoi berdinek balio dutela Eusko Lgebeiltzarreko bozetarako ere, eta horregatik eskatu du botoa Alderdi Sozialistarentzat. Iazko uztailaren 23ko Gorteetarako hauteskundeetan alderdi sozialistak atera zituen boto gehien Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Anduezaren esanetan jokoan gauza berdina dago: «Orduko hartan pentsioak, lan eskubideak eta gure eskubideak zeuden jokoan. Orain osasuna, hezkuntza eta segurtasuna».

Gasteizen egin du ekitaldia, eta Pilar Alegria Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroa eta gobernuko eleduna izan du alboan, beste hainbat alderdikiderekin batera. Anduezak azpimarratu du hauteskunde hauen garrantzia: «Hemen jokoan dagoena ez da EAJk edo EH Bilduk gobernatuko duen. Hemen jokoan dagoena da gure osasun zerbitzua, hezkuntza, segurtasuna, etxebizitza politikak, enplegua eta industria». Alderdi Sozialistari botoa emateak eskubide horiek betetzea bermatzen du, Anduezaren esanetan, eta horregatik eskatu du botoa haientzat.

Miren Gorrotxategi eta Pablo Iglesias, gaur Bilbon egin duten ekitaldian
Miren Gorrotxategi eta Pablo Iglesias, gaur, Bilbon egin duten ekitaldian, alderdikideez inguratuta. ELKARREKIN PODEMOS

Gorrotxategik EH Bilduri egotzi dio «peneubizatzea»

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak EAJ, EH Bildu eta PSE-EE izan ditu hizpide gaur Bilbon egin duten ekitaldian. Pablo Iglesias Podemoseko buru ohia alboan izan du. Uste du PSE-EEk eta EH BIlduk «huts egiten» dutela EAJren politika aztertzeko orduan. Haren ustetan, Eusko Jaurlaritzak kale egin du zerbitzu publikoak babesteko orduan, baina hori ez da bakarrik «kudeaketa arazo bat izan». «Eredu ideologiko eta politiko bat ordezkatzen dute, eta uste dute erakunde demokratikoen administrazioa oligopolioen, bankuen, putre funtsen eta boteretsuenen eskutik egiten dela». Are gehiago esan du: «Engranaje horrek urteetan perfekzionatu den sistema baten bidez funtzionatzen du. Sistema horrek punta-puntako darabil, eta ate birakaria du izena».

PSE-EE eta EH Bildu ere izan ditu hizpide. Eneko Anduezari egotzi dio jada erabakia izatea EAJrekin gobernatuko duela. EH Bilduri, berriz, «peneubizatzea» egotzi dio, «zentrora» egiteagatik, eta Gorrotxategiren ustetan, ez baztertzeagatik EAJrekin gobernua osatzeko aukera.

Iglesiasek, berriz, Podemos jo du ezker baliagarri bakartzat. «Ezker erosoaren aurrean» gauzak alda ditzakeen ezker bakarra Elkarrekin Podemos dela esan du. Gogora ekarri ditu Podemoseko buru izan zen artean jasandako eraso mediatikoak eta pertsonalak. Hori izan du hizpide, eta ezkerrean izandako haustura ere bai, Yolanda Diaz buru duen proiektuari erreferentzia eginez. Horrek kalte egin duela onartu du, «baina jendea itzultzen ari da. Jendea ohartzen ari da zer ezker den gai gauzak aldatzeko». CISek Espainiako alderdi nagusien inguruan argitaratutako azken inkestan, hori da joera: Sumar beherantz doa, eta Podemos gorantz.

 

Sumarrek PSE-EEri egotzi dio hauteskundeetara «EAJrekin koalizioa eginda» aurkeztea

Sumarrek Galdakaon egin du goizean ekitaldia, Bizkaian. Etxebizitza politika izan du hizpide, eta Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako sailburuaren lana kritikatu du, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburu gisa duen arduragatik. Andeka Larrea Sumarreko Gipuzkoako zerrendaburuak hartu du hitza. Adierazi du «etxebizitzaren egoera inoizko okerrena» dela, eta uste du klima larrialdiaren garaian «PSE-EEko politikariek etxebizitza gehiago eraikitzearekin itsututa» daudela. Sumarren eredua bestelakoa dela esan du, eta etxebizitzaren parke publikoa handitzearen alde egin du.

PSE-EE Eusko Jaurlaritzan konformaerraz aritu dela esan du, eta politikoki ekimen gutxi izan duela. Alderdi Sozialistari egotzi dio ildo berarekin aurkeztu izana datozen hauteskundeetara, «ia-ia EAJrekin koalizioan aurkeztu dira».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.