Ikastolak

Prefeta prest agertu da «elkarrizketari bide emateko» Beskoitzeko ikastolaren aferan

Herriko etxeak «etengabeko» oztopoak ezartzen dizkio Seaskari ikastola berria eraikitzeko. Ostiralerako erantzunik ez badute, «mobilizazio fase batera» iraganen dira.

Beskoitzeko ikastolako gurasoak eta prefeta, gaur goizean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko urriaren 17a
15:14
Entzun

Beskoitzeko (Lapurdi) ikastolaren aferan esku hartzeko prest agertu da Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefeta. Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira izan da Lapurdi barnealdeko herrian, eta gurasoek hori baliatu dute herriko etxearekin duten tirabiraren berri emateko. Orain dela hamar urte sortu zen ikastolarentzat nahi du eraikin berria Seaskak, eta eraikuntza baimena aurkeztu du herriko etxean, baina salatu dute Fabienne Aiensa herriko auzapezak eta haren talde politikoak «etengabeko» oztopoak ezartzen dizkietela.

Prefetak erran du ez dakiela gaiaren berri «xeheki». «Aipatzen entzuna nuen, bistan dena, ulertua nuen zailtasun bat bazela». Zehaztu du eraikuntza baimena onartzea herriko etxearen eskumena da. «Gurasoei erran diedan bezala, saiatu gaitezke elkarrizketari bide ematen, egoera honetatik ongi ateratzeko. Perspektiba horretan jarriko gara. Egoera aztertuko dugu, auzapez anderearekin harremanetan sartuko gara, eta ikusiko dugu ea egoera eta kezkak baretzen lagundu dezakegun».

Clemence Labrouche ikastolako gurasoak adierazi du «berri on gisa» hartu dutela prefetak errandakoa. «Badu sei hilabete ez dugula herriko etxearen berririk; hautetsiak isilik dira. Eraikuntza baimena Seaskak aurkeztu du: bidali dituzte mezu elektronikoak, egin dituzte telefono deiak hitzordu bat galdetzeko; ez dugu berririk ukan». Esplikatu du eraikuntza baimenari emandako ezezkoa onartuko zutela erabaki tekniko bat izan balitz, baina erabakia «politikoa» dela zehaztu du. «Gaur egun duten argudio bakarra da ez dugula jabearen baimen gutuna gehitu gure dosierrean, jakinez herriko lurra dela. Funtsean, herriko etxekoek ezezkoa eman digute haien gutuna ez baitugu dosierrean sartu». Gutun hori «maiz» eskatu dio Seaskak herriko etxeari, Labrouchen hitzetan.

Baimena eskatu ondotik dokumentu zenbait erantsi nahi izan zituen Seaskak, baina herriko etxeak ezeztatu zituen. «Pentsa zer nahi duten gure ikastola herrian ikusteko», haserretu da Labrouche. «Zein herriko etxe ez da kontent bere herrian eskola bat, ikastola bat duelarik? Nork ezezta dezake horrelako proiektu bat, ikusita gaur egun zer demografia dugun, jakinez Seaskak berak ordainduko duela osoki? Ez bada ezezko politiko bat, zer da?»

Ostiralean bukatuko da herriko etxeari eman zioten «ultimatuma». Epea bukatu arte itxaroten ari dira, eta ondotik, ekintzekin hasiko direla iragarri du. «Ez gara Beskoitzeko ikastolakoak bakarrik izanen: Seaska, euskaltzaleak, euskal gizartea hor izanen da mobilizazio handi bat antolatzeko, eta politika hau geldiarazteko; ez baita herriko etxeko politika sano bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.