Jean Castaings. Kontseilu Nagusiko presidentea

«Presidente gisa, kontseilari guztiekin anitz hitz egin dut»

Bastidako kontseilaria da Jean Castaings (UMP) eta berriz aurkeztu da kantonamenduetako bozetan; azken hiru urteetan Kontseiluko presidente izan da.

JENOFA BERHOKOIRIGOIN.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
1979tik 1992ra eta gero berriz 1998az geroz gaur egun arte, kontseilu nagusi kargua aspaldian ezagutzen du. Berriz aurkeztu da aurten Castaings (1938, Saint Martin de Hinx, Frantzia).

Hasi baino lehen, operatu berri zaituzte. Nola sentitzen zara?

Oso ongi, erabat ongi pasa da operazioa, laster azkartu naiz. Protokoloa errespetatu dut, ez naizenez mediku, osasun arloko profesionalek erran didaten guztia errespetatu dut.

2008an Kontseilu Nagusiko presidentetza hartu zenuen. Nola bizitu duzu esperientzia hori?

Bizitzea merezi duen esperientzia da. Ohore handia izan da, ez nuelako horrelakorik inoiz imajinatuko. Ezkerrak eta eskuinak 26 aulkina ditugu, baina normalki lan egiten lortu dugu. Anitz hitz egin dut guztiekin, eta guztiok batera lan egin dugu. Egoera horrelakoa izanki, pozten naiz ikusirik aurkeztu ditudan hiru aurrekontuak onartuak izan direla. Azkenean, 802 milioi euroko aurrekontua dugu, 200 milioi baino gehiago inbertitzeko. Inoiz ez dugu horrelakorik lortu, 2004an adibidez 564 milioi euro ingurukoa zen. Anitz lan egin dugu, eta jarraikiko dugu. 2011ko hamar proposamen berri ditugu eginik: enplegu, etxebizitza, adineko jendeei zein gazteei begira, garraio, ingurumen, laborantza zein tokiko hizkuntza eta telebista numerikoari buruz. Adibidez, 2 milioi euro ematen dizkiegu tokiko hizkuntzei, horietan milioi bat euskararentzat. Horrez gain, Euskararen Erakunde Publikoarentzat milioi bat gehitu dugu.

Euskara laguntzea inportanta iruditzen zaizu?

Bai, erabat. Euskaldunek kaskoina izendatzen naute, Landesetakoa izanki jatorriz, baina oso lotua naiz hizkuntzari, tradizioari, kulturari. Babestu behar ditugu absolutuki.

Zein da zure mezua kanpaina horretan?

Bastidak duen baserri aldea dugu bereziki aipatuko. Kantonamendu hau ez da peri-urbanoa, baizik eta peri-rurala; nahiz biztanleria azkartu, den bezalakoa gelditzea nahi dugu. Kantonamenduko hiriburua Frantziako hiri ederrenetariko gisa sailkatua da, eta horri lotua gara. Sei urtez egindakoa aurkeztuko diet, sail bakoitz zer egin den azalduz, guztira 18 milioi euro baino gehiago direlako kantonamendura ekarri.

Eta ondoko hiru urteentzako zer da proposatzen duzuna?

Baserri mundu hori mantendu behar dugu, beti herritarrei hurbil geldituz. 832 familia ikusi ditut orotara, eta badakit konfiantza dutela nigan, zeren segur dira inork ez duela jakinen haien zailtasunen berri. Horrela segituko dut, eta bistan da, aipatu hamar proposamenak ditugu lehentasun ere.

Hiru urterentzat izendatuak izanen zarete, lurralde erreforma dela eta. Erreforma horri begira herritarren kezkak ulertzen al dituzu?

Nahiz UMPkoa izan, ez ditut onartzen erreformak dakarzkien aldaketak. Lurraldeko kontseilariaren sorrera zentzugabekeria da. Lurraldea 20.000 biztanlez osatu beharko da gutxienez, ez dakit nola kudeatzen ahalko den hori. Kontseilu Nagusian baita Eskualdeko Kontseiluan ere egon beharko du kontseilariak, eta, horrez gain, bere lurraldean; baina herritarretarik hurbil egotea kasik ezinezkoa izanen zaio. Ez naiz batere ados. Nire lurraldeari doakionez, Bastidaz gain, Bidaxune, Iholdi eta Donapaleuko kantonamenduez osatua izan beharko du! Donaixti eta Beskoitze artean 75 kilometro dira. Baserri mundua gogorki zigortzen du erreformak.

Baterak hautagaiei eskatu die kontseilari baldin badira ea Euskal Lurralde Elkargoaren eztabaida Pauera eramanen duten. Eramanen al duzu?

Eskaera ez dut eskuratu. Nire iritziarekin jarraitzen dut: aterabide bat behar dugu Euskal Herriarentzat, lurralde hitzarmenekin egin genuen gisara. Bai, Pays egitura desagertuko da, baina argi da horrelako tresna bat behar dugula. Beraz bai, hemengo entitate berezi bat aldarrikatuko dut.

Pays egitura gisako zerbait, beraz.

Bai, horrelakoa. Horren esperientzia badugu, eta bikaina izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.