Langraizko (Araba) kartzelan emakumezko preso bat hilda topatu dute. Larunbateko zenbaketan aurkitu zutela jakinarazi du gaur Espainiako Espetxe Erakundeetako Zuzendaritzak, eta emakumezkoak ez zuela indarkeriazko arrastorik. Beste neska batekin partekatzen zuen ziega.
Iaz zazpi preso hil ziren Euskal Herriko espetxeetan, eta azken hiru urteetan guztira 27 hil dira. 2007an Langraizko espetxean hiru lagun zendu ziren.
Azkeneko heriotza horrek kartzeletako bizi baldintzez berriro kezka eragin du, eta Salhaketa elkarteak kritikatu egin du Espainiako Espetxe Erakundeetako Zuzendaritza, bizi baldintzen inguruan "isiltasuna" gordetzen duelako.
Salhaketaren arabera, egun euskal espetxeek duten arazo nagusia gehiegizko preso kopurua da. Langraizkoan 600 lagunentzako lekua dago, baina egun 750 preso baino gehiago daude. Kopuruak gora egin du hilabeteotan, eta horrekin batera heriotza gehiago gertatu dira.
Kartzeletan behar baino pertsona gehiago egoteak bi ikuspegitatik du eragina, Salhaketakoaren ustez. Batetik, presoei maila pertsonalean eragiten die. "Eremu bera jende gehiagoren artean partekatu beharrak gatazka gehiago, deserosotasun gehiago eta tentsio gehiago eragiten du presoengan". Eta, bestetik, "espetxeak presoei bermatu beharko lizkiekeen zerbitzuetarako aukerak asko murriztea" dakar gehiegizko preso kopuruak. Zailagoa zaie preso guztiei psikologoarenera, tailerretara... joatea. Oro har, espetxean egon behar duenaren egoera "kaskartzea" dakar horrek, elkartearen hitzetan.
Gainera, Salhaketaren iritziz, kartzela sistemaren barruan emakumeen egoera beti da okerragoa, "hasteko, espetxeak gizonentzat diseinatuta daudelako". Gehienetan, emakumeen modulua modulu nagusiari gehitutako eraikina izaten da, eta ez ditu betetzen genero ikuspegitik bete beharreko gutxienekoak.
Gizartea
Preso bat hilik topatu dute Langraizko kartzelan
Emakumezkoa da zendu den presoa; ez zeukan indarkeriazko arrastorik. Iaz hiru lagun hil ziren Arabako espetxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu