Presoak. Fase aldaketa ezarri duena

Azken legealdia euskal presoei ezarritako sakabanaketa politikaren amaierarena izan da, baina baita espetxe eskumenaren transferentziarena ere. Horrek eragileen lehentasunak aldatu ditu.

Mobilizazioak. Gradu erregresioen aurkako protesta bat, martxoan. JON URBE / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko uztailaren 11
00:00
Entzun
PPko lider Mariano Rajoy zen Espainiako gobernuburu ETAk bere ibilbideari amaiera eman zionean, baina hilabete eskasera onartu zuen Espainiako Kongresuak haren kontrako zentsura mozioa; besteak beste, EAJren eta EH Bilduren babesarekin. 2018ko ekainaren hasiera zen, eta erabaki hark eragin nabarmena izan zuen euskal presoen errealitatean. Pedro Sanchez sozialista iritsi zen Moncloara, eta «bestelako espetxe politika bat» iragarri zuen gobernuburu kargua hartu berritan; hilabetea amaitu aurretik adierazi zuen 70 urtetik gorako presoak eta gaixo daudenak hurbiltzeari ekingo ziola. Azken legealdian burutu da osorik prozesua, eta Espainian zeuden motibazio politikoko euskal preso guztiak Euskal Herrian daude martxotik —Jaione Jauregi da salbuespena—; gehienak, Eusko Jaurlaritzaren kudeaketapean dauden espetxeetan. Horiek hala, presoen eskubideen aldeko eragileen lehentasunak aldatu dira, nahiz eta oztopo horien jatorria bera izan: Madril. Kasu honetan, Espainiako Auzitegi Nazionala.

 

Sanchezek ildo aldaketaren berri eman zuenerako, hilabeteak ziren EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak hartua zuela «kaleratze» prozesuari heltzeko legedia jarraitzeko erabakia, eta ETAk ere «egitura guztiak» deseginak zituen. Horiek hala, Madrilek egindako lehen urratsa Marta Igarriz presoaren gradu progresioa izan zen; lehen gradutik bigarrenera pasatuta. Horren ostean, Olga Sanz eta Xabier Morenoren Euskal Herriratzeak eta hirugarren graduak iritsi ziren; biak ere EPPKtik kanpo zeuden.

Tantaka-tantaka iragarri zituzten Espainiako Espetxe Erakundeek gradu aldaketak —lehenetik bigarrenera— eta gerturatzeak, eta 2018a amaitzerako 145 ziren 600 kilometrora edo gehiagora zeuden presoak, urtebete lehenago baino 51 gutxiago. 2019an, baina, abiadura makaldu zen: urtea bukatzerako, 121 ziren urrunen dauden kartzeletan zeudenak.

Prozesua moteltzea baldintzatu zuten arrazoietako bat izan zen hauteskunde testuingurua. Sanchezek Espainiako Gorteetarako bozetara dei egin zuen, apirilaren 28rako. Eta gobernu akordio bat erdiesteko ezintasuna zela medio, azaroaren 10ean errepikatu zituzten haiek. Orduan bai, PSOEk eta Unidas Podemosek koalizio gobernu bat osatu zuten, baina berehala iritsi zen COVID-19ak eragindako pandemia, eta hark ere behin-behinean eten zuen hurbiltze prozesua.

2020ko ekainean berrekin zioten, eta pisu handiagoa hartu zuten Euskal Herriratzeek lekualdatzeetan: 2021eko urtarrilean presoen %13,5 bazeuden Euskal Herrian, urtebete geroago %39,7 ziren, eta 2023a hasterako %79,5. Halere, mugimenduek ez zuten hartu hasierako abiada bera, eta presoen eskubideen aldeko eragileek azken unera arte salatu zuten erritmo falta hori, aurtengo martxoaren 24an Euskal Herriratzea osorik burutu zen arte.

Eskualdaketa

Paraleloki, Eusko Jaurlaritzak ere egin zuen Espetxe politika birbideratzea partekatzeko akordio proposamena. ETAren armagabetzearen aurretik Rajoyri aurkeztutako proposamena Sanchezi ere helarazi zion Iñigo Urkullu lehendakariak, gobernura iritsi berritan. Testu hartan, besteak beste, presoak «epe motzean» Hego Euskal Herriko eta inguruko espetxeetan kokatzearen alde egin zuen Jaurlaritzak. Baina, dokumentu hartan bazen datozen urteetan garatuko zen beste proposamen bat ere: kartzela eskumenaren transferentzia.

Moncloak 2019ko urtarrilean jarri zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kartzelen kudeaketa eskualdatu beharreko eskumenen inguruko eskeman, baina ez lehentasunen artean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak onartu zuenez. Horiek hala, ez ziren 2020ra arte iritsi aferaren inguruko lehen elkarrizketa serioak. Zehazki, urte hartako abenduan osatu zuten transferentzia gauzatzeko zirriborroa. Hura, sei hilabeteko beste atzerapen batekin, 2021eko urriaren 1ean gauzatu zen, Aieteko Adierazpenaren eta ETAren behin betiko su etenaren hamargarren urtemugaren atarian.

Aldaketaren ondorio nagusietako bat izan da hirugarren graduen aldeko apustua. Aurrez ere, Espainiako Espetxe Erakundeek onartu zituzten zenbait —EPPK-ko kide bati emaniko lehena 2019ko martxoan izan zen—, baina abiada bestelakoa da orain. Espetxe eskumenaren lehen urteurrenean, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuen «ETArekin lotuta» kartzelatutako 25 lagunek jaso zutela hirugarren gradua, eta Sareren azken zenbaketaren arabera, 43 dira orain arteko onartutako gradu progresioak.

Horietatik 30ek, ordea, Auzitegi Nazionaleko fiskaltzaren helegitea jaso dute, eta hamalauri aplikatu diete gradu erregresioa. Gainera, Auzitegi Gorenak ezarritako doktrina berria tarteko, martxotik aurrera behin-behinean eteten ari dira gradu progresio horiek, fiskalak helegitea aurkezte hutsarekin.

Lobby bat Madrilen

Sare Herritarrak eta Etxerat-ek «eskuineko lobby» gisa kalifikatu dute erabakion atzean dagoena, eta Foro Sozialak ere adierazi zuen haren eragina zela geratzen den «korapilo nagusietako bat». Besteak beste, Jose Ricardo de Prada magistratu aurrerakoia saiatu da Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salan aldaketa bat sustatzen, baina ez du babesik topatu. Esaterako, Gorka Loran presoaren kasuan, Maria Fernanda Garcia epaileak De Pradarekin bat egin zuen esateko «damua eta biktimentzat barkamena» ez zirela «legezko betekizuna» espetxe baimenak eskuratzeko. Baina, jarraian, Garciak atzera egin zuen preso beraren beste auzi batean.

Halere, «lobby-a» ez da soilik judiziala. Hedabide kontserbadoreek, biktimen zenbait elkartek nahiz eskuineko eta eskuin muturreko alderdi politikoek ere badute euren tokia. Udal eta foru hauteskundeetako kanpaina izan da horren adibide, baina azken legealdiak ere utzi ditu haren eraginaren hainbat zertzelada. Hala nola Dignidad y Justicia elkarteak ustez ETAko buruzagitzako kide izandako 23 lagunen kontrako salaketak jarri ditu azken urtean, eta Auzitegi Nazionala berriz ikertzen ari da, besteak beste, Miguel Angel Blancoren eta Gregorio Ordoñezen hilketak.

Era berean, PPk eta Voxek etengabe erabili dituzte Espainiako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioak lehenaren aurka egiteko, argudiatuta «Sanchezek [EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo] Otegiri egindako ordaina» izan dela sakabanaketaren amaiera. Otegik berak iazko aurrekontuen harira egindako adierazpenak lagungarri izan zituzten horretarako.

Halakoen gainetik, Sarek eta Etxerat-ek Espainiako Gorteetan konpondu beharreko beste korapilo bat jarri dute mahai gainean: martxan diren salbuespen legediak indargabetzea. Horiek lirateke 7/2003, 7/2014 eta 5/2003 lege organikoak. Lehena moldatzeak gehienezko espetxealdiak eta gradu aldaketak jasotzeko epeak murriztuko lituzke, eta bigarrenak Frantzian betetako zigor urteak kontuan hartzea eragingo luke. 5/2003 lege organikoa aldatzeak, berriz, Auzitegi Nazionala ekuaziotik kentzea ekarriko luke, presoen inguruko erabakiak EAEko eta Nafarroako espetxe zaintzako epaitegien esku utzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.