Presoak hurbiltzea eta legeztatzea gakoak dira 'Financial Times'-entzat

ETAk borroka armatua behin betiko utzi behar duela dio kazetak, baina agintariek egoera tentuz kudeatu behar dutela

Koldo Aldabe.
2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
«ETA azken urratsak egiten ari denaren itxura hartzen hasi dela dirudi». Horrela hasten da Financial Times egunkari britainiarrean David Gardner kazetariak idatzi duen artikulua. Titularra sendoago da: Aldaketa politikoa ETAren hil kanpaiak jotzen ari da.

ETAk su-etena eman duela gogorarazten du Financial Times-ek, eta «ulergarritzat» jotzen du Espainiako Gobernuak eszeptizismoz hartu izana iragarpen hori, ETAren agiriak «ez baititu biltzen egun Madrilek onargarritzat joko lituzkeen irizpideak», kontuan izanda 2006ko su-etena nola amaitu zen, Madrilgo Barajas aireportuko atentatuarekin, Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburu espainiarrak «bakea oso gertu» zegoela esan eta ordu gutxira.

Bi faktore nagusi

«Oraingoa desberdina izango da?» galdetzen du David Gardnerrek, eta baiezkoan da, bi faktore nagusirengatik: lehena Espainiako eta Frantziako gobernuen estrategia polizialak ETA «erabat ahuldu duelako», eta bigarrena ezker abertzaletik presio handia egin diotelako ETAri armak isil ditzan.

«Baina, hala ere, dena oker joan liteke» ohartarazi du Gardnerrek. «ETAk oraingoan borroka armatua behin betiko utzi beharko du, eta egiaztagarria izan behar du. Baina agintariek ere tentuz kudeatu behar dituzte politikak, esaterako, Espainiako kartzeletan barreiatuta diren ETAko ehunka presoak etxetik hurbil diren espetxeetara aberriratuz». Kazetaren arabera, independentzia nahi duten «milaka euskal herritar kriminalizatzeari» ere utzi beharko lioke Madrilek, «beti ere beren helburuak soilik bide demokratikoetatik defenditzen badituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.