Elkarlana beharrezkoa dela ohartarazi du. Azken hilabeteotan Euskal Herriko eragile sindikal, politiko eta sozialek «herri hau gatazka mingarri honetatik demokrazia egoera batera eramateko lanean» bat egin dutela gogorarazi du, eta «ukaezina» iruditzen zaio bide horretan «urrats garrantzitsuak» egin direla.
Gernikako Akordioa aipatu du. Bertan elkartu diren eragileen helburua eta konpromisoa Euskal Herriak «behingoz justizia eta demokrazia ezagutu ditzala» dela azaldu du. Eta, emandako pausoak garrantzitsuak direla adierazi arren, akordioan jasotako aldarrikapenak gorpuzteko garaia dela dio: «Lelo eta aldarrikapen orokorretatik egoera zehatzak konpontzera jo behar dugu pixkanaka».
Korapiloa askatzeko urratsak
Euskal presoen gaiari eusteak «urgentzia berezia» du, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren arabera, eta, haren ustez, korapiloa askatzeko egin beharko diren urratsak azaldu ditu: «Abian den prozesu politikoak amnistiaraino eraman behar gaitu, eta guk amnistia gisa ulertzen dugu preso politikoak egoteko arrazoiak gainditu direla».
Presoen sakabanaketa amaitzeak izan behar du lehen pausoa, haren ustez; «muturreko neurriak indargabetzea eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboa Euskal Herriko espetxeetan batzea, abian den prozesu politikoan preso politikoek aktiboki parte har dezaten Euskal Herriko bestelako eragile politiko, sozial eta sindikalekin batera». Hain zuzen, euskal presoen kolektiboak, eragile den neurrian, konponbiderako prozesuan hitza izan behar duela ohartarazi du.
Gernikako Akordioan adostutakoa garatzeko, norabide horretan hasi behar dute lanean akordioak biltzen dituen alderdi eta eragileak, AAMren ustez.
Lehenik eta behin, espetxeetako «muturreko egoera larriak amaitzeko eta presoak herriratzeko» lan egin behar dela ohartarazi du. Eta hori «guztion ardura» dela. «Espetxeetan ezarri diren jazarpen, presio eta xantaia egoerari aurre egitea beharrezkoa da», ohartarazi du, hainbat preso ohi, presoen senide eta abokatu bildu dituen agerraldian.
Egoera bizi dutenak agerraldian direla adierazi dute «ezinezkoa» dela zenbakitan esatea duela 21 urte sakabanaketa politika martxan jarri zenetik «zenbat kilometro, zenbat istripu, zenbat zauritu, zenbat hildako, zenbat ondorio fisiko eta galera ekonomiko» eragin diren. «Sakabanaketak eragin duen giza galera izugarria izan da».
Horrez gain, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa «suntsitzeko ahaleginean» 50 presori «bizi guztiko zigorra» ezarri dietela salatu du; esaterako, minbizia edo eskizofrenia duten gaixo larriak preso edukitzen dituztela; gero eta preso gehiago «bakartze latzena» jasaten ari direla.
Egoera hori iraultzea ezinbestekotzat jo du AAMk, eta, beraz, presoen eskubideen aldeko lana «handitzea» izango da aurrerantzean «herri honen erronka nagusietako bat», haren esanetan .
Horregatik, eragileei lan horretan parte hartzeko eskatu die, eta, herritarrei, bide hori babesteko. Abenduaren 7an Durangoko azoka egiten den Landakotik 19:30ean abiatuko den manifestaziora joateko eskatu du.
Azken ostiralero bezala, kalean izan da Etxerat
Preso eta iheslarien egoera «oso larria» dela eta, eskubideen errespeturako elkarlana aldarrikatu duA.L. Bilbo
Hileroko azken ostiralero bezala, ehunka herritar bildu dira Euskal Herriko dozenaka herri eta auzotan presoen eskubideen alde. «Muturreko egoerak berehala amaitu» behar direla adierazi du Etxerat-ek elkarretaratzeetan, eta Gernikako Akordioak ere sakabanaketa amaitu, «bizi osorako zigorrak» bertan behera utzi, gaixotasun larriak dituztenak askatu eta bakartze egoerak eten behar direla esana duela gogorarazi du.
Egoera «larria» dela ohartarazi dute preso eta iheslarien senideek; «oso larria» dela. Hori dela-eta, «denen konpromisoa» eskatu du «eskubide guztiak Euskal Herri osoan errespetatuko diren aroa zabaltzeko».
Bide horretan, Etxerat-ek bat egin du urtarrilaren 8an Bilbon Euskal presoak Euskal Herrira eskubide guztiekin, egin dezagun urratsa lelopean egingo den manifestazioarekin. «Urratsa egiteko garaia» dela esan, eta preso eta iheslarien eskubideen defentsan aritzeko eskatu dute senideek.
Gogorra da euskal presoek azkenaldian duten egoera, haien hurkoen esanetan. Horren erakusgarritzat jo dute azken hil eta asteetan hainbat presok gose grebari ekin behar izana gutxiengo bizi-baldintzak eta haien eskubideak errespetatuak izan daitezen. Arantza Zulueta eta Frantziako Tarascon kartzelan dituzten presoak gose greban daudela gogorarazi dute. Eta azaroan bertan Murtziako (Espainia) eta Meauxeko (Frantzia) espetxeetan ere neurri bera hartu behar izan dutela presoek.
Zulueta, gose greban
Zuluetaren egoerari dagokionez, gose greban jarraitzen duela baieztatu diote BERRIAri hurkoek. Malagako egunkari bat iturri hartuta, berri agentziek zabaldu zuten ostegunean utzi zuela protesta preso duten abokatuak. Alfontso Zenon abokatua ostegunean bertan izan zen Zuluetarekin. Bost kilo galdu dituela baina animoz ondo ikusi zuela azaldu zuen. Senideek atzo bertan hitz egin zuten telefonoz presoarekin, eta greban dago oraindik.