Politika

Presoen argazkiak erakusteagatik 17 lagun identifikatu dituzte banderaren igoeran, Donostian

Ordu batzuk lehenago Konstituzio plazan etxez etxe ibili ziren ertzainak, bizilagunei ohartaraziz debekatua zutela balkoi eta leihoetan presoen argazkiak eta haien aldeko ikurrak jartzea. Nolanahi ere, festa giroa nagusitu da bart gauerditik Donostian. Halaber, festetan dira Azpeitian, Lakuntzan, Tafallan eta Zangozan.

2010eko urtarrilaren 20a
12:14
Entzun
Donostiako danborradaren hasieran, San Sebastian bezperako bandera igoera ekitaldian, euskal presoen argazkiak erakusten ahalegindu diren lagunak identifikarazi egin ditu Ertzaintzak, eta, era berean, argazkiak erakustea galarazi die. Amnistia jartzen zuen pankarta bat zabaltzen ere saiatu dira beste batzuk, baina udaltzainek eragotzi egin diete.

Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak emandako azalpenen arabera, gauerdirako hamar bat minutu falta zirela jende talde bat igo da Gaztelubide elkarteko kideek danborradari hasiera ematen dioten oholtzara. Hasiera batean, txartel zuri batzuk erakutsi dituzte, baina Gaztelubidekoak San Sebastianen martxa jotzen hasi direnean eta Odon Elorza alkatea bandera igotzen, estalki zuria kendu eta presoen argazkiak utzi dituzte agerian. Herrizaingo Sailaren arabera, Gaztelubidek lehen bi martxak jotzen zituen bitartean egon dira horrela. Gero identifikarazi egin dituzte ertzainek, eta argazkiak erakusten segitzea eragotzi diete.

Era berean, danbor hotsak hasi diren une berean Amnistia jartzen zuen pankarta batekin igo da jende talde bat oholtzara. Erabatzabaltzea lortu aurretik kendu egin diete udaltzainek.

Ertzaintza etxez etxe

Donostiako Konstituzio plazako bizilagunek agertu dutenez, etxez etxe ibili zen Ertzaintza atzo auzokideei ohartarazten leiho eta balkoietan presoen argazkiak edo haien aldeko ikurrak jartzea galarazita dagoela. Halakorik agertuz gero, "terrorismoa goratzeko" delitua egingo luketela esan zieten. Bizilagunek zehaztu dutenez, etxe batzutara kaleko jantziekin joan dira ertzainak, eta zenbaitetara baita aurpegia estalita ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.