Euskal presoak

Presoen arloko pausoen berri ematen ari da Frantzia biktima elkarteei

Justizia Ministerioa Coviterekin bildu da gaur, eta Terrorismoaren Biktimen Fundazioarekin etzi. Helene Davo da Parisen mintzaidea.

Consuelo Ordoñez, Frantziako Justizia Ministerioaren atarian. COVITE
jon olano
2018ko urtarrilaren 23a
21:01
Entzun

Euskal presoak Euskal Herritik gertuago dauden espetxeetara lekualdatzeko Frantziako Gobernuak adierazitako asmoak ezinegona sortu du ETAren biktima elkarteen artean, eta kontuak eskatu dizkiote  aukera horren aurrean. Asteon, presoen auziak leku esanguratsua hartua zuen Justizia Ministerioaren agendan, eta, atzeratu bada ere Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak Parisekin asteazkenean egitekoa zuen bilera, Justizia Ministerioak eutsi egin die biktimen elkarteekin zituen hitzorduei.

Gaur batzartu dira Consuelo Ordoñez, Coviteko presidentea, eta Helene Davo, Nicole Belloubet Justizia ministroaren kabineteko zuzendariordea. Ordoñez gustura irten da bileratik, eta, adierazi duenez, Davok argitu zion soilik odol deliturik ez duten presoak eta zigorra betetzear daudenak gerturatuko dituztela; hori horrela, uste du Frantziak ez duela «marra gorririk» igaro, eta ez dela Iparraldeko ordezkariekin «negoziatzen» ari, «ez baitago negoziatzeko ezer». Ordoñezen arabera, Justizia Ministerioan jasotako eskaria zen Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide guztiei tratu bera ematea, baina ezezkoa eman zuen Parisek, Ordoñezek Davoren hitzak aipatuz esan duenez. Horren ordez, onartu zuen eskaerak «kasuan-kasuan» aztertzea Frantziako «ohiko legeriaren» arabera. Hain justu ere, joan den astean hitz horiek erabili zituen Belloubet ministroak berak elkarrizketa batean, euskal presoen alorrean «lan eremu bat» badela baieztatu, eta hartuko dituzten neurriak jakinarazteko.

Ordoñez «konbentzitu» du Davok: «Kezkatuta geunden zabaldutako informazio manipulatu, faltsu eta interesatuen aurrean. Ez dute errealitatearekin zerikusirik». Halaber, eskerrak eman dizkio bilera egiteko prest egoteagatik eta biktimekiko azaldutako sentiberatasunagatik. Espainiako Gobernuarekin, aldiz, kritiko agertu da: «Guztiz zentzugabea da biktimen elkarte batek desegin behar izatea terroristen aldeko gezur kanpaina bat, Espainiako Gobernuaren pasibotasunaren aurrean».

Ostegunean, berriz, Terrorismoaren Biktimen Fundazioa da Justizia Ministeriora joatekoa. Asteazkenean ziren bilkura egitekoak, baina, agenda arazoengatik, ostegunera atzeratu dute hitzordua. Davo izango da Parisen mintzaidea hor ere, eta fundazioko presidente Mari Mar Blanco bilduko da harekin, 15:30ean. Coviterekin egin bezala, Parisen asmoa da Emmanuel Macronen gobernuak presoen alorrean hartu asmo dituen neurrien berri ematea fundazioari. Ohar batean, Terrorismoaren Biktimen Fundazioak gogorarazi du Blancok «erabateko arbuioa» adierazi duela «ETAko kide izateagatik zigortutako preso oro Euskal Herrira gerturatzeko edozein neurriren aurrean».

Ministerioko ordezkariak Ipar Euskal Herrikoekin asteazkenean egitekoak ziren bilera datarik gabe atzeratu da, Frantziako espetxe funtzionarioen grebak lehentasuna hartu duela-eta. Presoak hurbiltzeko erabakiaren osteko aurreneko bilera behar zuen gaurkoak.

Mahai-ingurua Irunen

Bestalde, Jaurlaritzaren Memoriaren Plaza egitasmoaren baitan, mahai-inguru bat egingo dute asteazken iluntzean Irunen, Gipuzkoan (19:00). Parte hartuko dute Maider Garcia GALek hildako Juan Carlos Garcia Goenaren alabak, Maria Isabel Gonzalez Poliziak hildako Alberto Soliñoren alargunak, Maria Angeles Martinez ETAk hildako Julio Martinezen alabak eta ETAren lehergailu batek zauritutako Alberto Muñagorrik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.