Presoen auzia agendatik kentzeko eskatu die Basagoitik EAJ eta PSEri

PPk ez du nahi ezker abertzalea «indartuko» lukeen ezein proposamen edo eztabaida bideratzerik

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Antonio Basagoitik Eusko Jaurlaritzari eta EAJri eskatu die euren agendetatik kanpo uzteko «presoak, independentziaren eztabaida, torturak eta poliziaren biktimak», gai horietaz eztabaidatzeak «indartu» egiten duelako ezker abertzalearen jarrera. Onda Cero irratiari emandako elkarrizketa batean, EAEko PPko presidenteak esan du «alderdi nagusiek» bat egiten dutela hainbat gaitan eta horiek indartu behar dituztela Euskal Herrian: «Baina PSE eta EAJ pixka bat anbiguo ikusten ditut, gaindituta», ohartarazi du.

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Eusko Legebiltzarrean bihar aurkeztuko dituen bakerako ekinaldi berrien karietara egin ditu adierazpen horiek Basagoitik. Bi oinarri izango ditu lehendakariaren proposamenak: iazko irailean Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen dekalogoa eta otsailean Espainiako Kongresuan PPk, PSOEk eta EAJk adostutako hitzarmena. Eusko Jaurlaritzako iturriak aipatuz, berri agentziek zabaldu dute lehendakariak «eguneratuko» dituela oinarri horiek eta «urrunago» joango dela; besteak beste, bakerako «ekianldiak eta foroak» antolatuko dituela. Gobernu Kontseiluaren ostean eginiko agerraldian,Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du lehendakariaren proposamena «bidearen hasiera» izango dela eta «ekarpen guztiak» kontuan hartuko dituela.

PP eta UPD, adi

Basagoitik azaldu duenez, PPk ez du ezagutzen lehendakariaren proposamena. Hala ere, PPko buruak jakinarazi du PSE-EErekin eta EAJrekin bildu dela eta sozialistei eskaera argi bat helarazi diela: «Bakean eta askatasunean bizi gaitezke Batasunari ordainetan ezer eman gabe». «Ez nuke erabiliko osteguneko eztabaida Batasuna indartzeko edo handitzeko, ETAri oraindik ez baitio eskatu desager dadila eta egindako mina aitor dezala», gaineratu du Basagoitik.

Iñaki Oiarzabal EAEko PPko idazkari nagusiak, berriz, espero du biharko saioan «sorpresarik» ez egotea eta lehendakariaren proposamenak Kongresuan hitzartutakoarekin «zerikusia» izatea. «ETAren proiektu totalitario eta baztertzaileari zilegitasuna kentzeko neurriak izango direla suposatzen dut». Hala ere, Oiarzabalek uste du «apur bat harago» egingo duela lehendakariak. Hori hala, EAJri eta PSEri eskatu die «ezker abertzaleak markatutako diskurtsoarekin ez nahasteko» euren proposamenak. «Exijentziak ezker abertzaleari egin behar zaizkio, ez Espainiako Gobernuari», zehaztu du.

Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak, berriz, adierazi du Lopezek eta gainerako taldeek «ETAren amaiera bultzatzeko, terrorismoaren biktimak babesteko eta zuzenbide estatua defendatzeko saioak» bultzatu behar dituztela. ETBn egindako elkarrizketa batean, Maneirok azpimarratu du ETA oraindik ez dela «desegin» eta ez duela agertu «Justiziarekin kolaboratzeko asmorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.