Euskal presoen eskubideen alde egingo den hurrengo «mobilizazio handirako» eguna jarri du Herrira mugimenduak: maiatzaren 19a, larunbata. Urtarrilaren 7an Bilboko kaleetan egindako manifestazioa jendetsuaren ondoren, Euskal Herriko plazetara eraman nahi du euskal presoen eskubideen aldarria, Goazen Plazara ekimenaren bidez. Egun horretara begira, agiri bat kaleratu du Herrira-k, eta eragileei eta instituzioei dei egin die idatzian jasotako aldarrikapenekin bat egitera eta maiatzaren 19ko mobilizazioetan parte hartzera. «Gatazka behin betiko konpondu eta haren ondorio guztiei irtenbidea emateko, ezinbestekoa da preso eta iheslarien egoera ere konpontzea. Horrela, bada, garrantzitsua da herritarrok batuta ekitea, espetxeetako giltzak dituztenak jarrera aldatzera bultzatzeko», adierazi du Amaia Esnalek, Herrira mugimenduko kideak.
Herrira-ren agiriak sei eskaera jasotzen ditu. Euskal presoen Euskal Herriratzea, 197/06 doktrina (Parot doktrina) bertan behera uztea, Frantziako Estatuan ezartzen den bizi osorako zigorra amaitzea, zigorraren 2/3 edo 3/4 beteak dituzten presoak kaleratzea, gaixotasun larriak dituztenak libre uztea eta Espainiako eta Frantziako estatuei espetxe politika egokitzeko eskatzea. Esnalek azaldu duenez, euskal gizartean «gehienak» daude eskaera horien alde, eta, beraz, Euskal Herriko eragile eta instituzioek ere bat egin beharko lukete agiriaren edukiekin.
Amaia Esnalek eta Nagore Garciak aurkeztu dute ekinbidea, Donostian eginiko agerraldi batean. Han izan dira Eñaut Gantxegi, Ramon Agirre eta Gotzon Sanchez aktoreak, Ramon Aznar Realeko futbolari ohia eta Olatz Talavera abokatua.
Esnalek nabarmendu duenez, urtarrilaren 7an Bilbon egindako«manifestazio historikoak» mugarri bat ipini zuen presoen eskubideen aldarrikapenean. Ordutik jazo diren hainbat gertakari gogoratu ditu Herrira mugimenduko kideak: euskal presoak gerturatzearen alde Frantziako Asanblea Nazionalak onartutako ebazpena eta aste honetan Amerikako Juristen Elkarteak Nazio Batuen Erakundean eginiko salaketa. Horrekin batera, beste bi puntu nabarmendu ditu Esnalek. Euskal gizartearen «gehiengoaren bat egitea» eta «alderdi askoren jarrera aldaketa». «Adierazle hauek agerian uzten dute egungo espetxe politikak ez daukala sostengu politiko eta sozialik», esan du.
Hori, baina, Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrerarekin alderatu du. Haren ustez, gobernuek ez dute pausorik eman egoera aldatzeko, eta presoen «giza eskubideak» urratzen jarraitzen dute. «Espetxe politika erabiltzen ari dira konponbide prozesua zailtzeko. Ez diete erantzun gehiengoaren nahiari eta Euskal Herrian sortu den egoera politiko berriari. Espetxe politika hau mantentzeak berarekin dakar gatazka egoera luzatzea, eta ez ditu irtenbideak bilatzen», salatu du Esnalek. Hori hala, «gatazkaren ondorioei» heltzeko eta, bereziki, espetxe politika konponbide prozesura «egokitzeko»eskatu die Espainiako eta Frantziako gobernuei.
Presoen eskubideen aldarria «plazara» eramango du Herrira-k maiatzaren 19an
Espetxe politika konponbide prozesura «egokitzeko» eskatu diete Espainiako eta Frantziako gobernuei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu