Euskal presoen giza eskubideen aldeko urtarrilaren 14ko manifestazioa hurreratzen den ginoan, ugaltzen ari dira han parte hartzeko deialdiak. Sarek berretsi du ostera ere urtarrilaren 14an Bilbora joateko gonbita, eta beste argudio bat eman du horretarako: abagunearen «garrantzia» nabarmendu dute, eta «erabakigarria» izan daitekeela erantsi dute, berandu baino lehen lorpen kolektiboan amaituko den ibilbide honetan».
Sareren izenean, Arantza Aldezabalek eta Ainhoa Azkaratek egin dute Bilboko manifestazioan parte hartzeko deia. Eta, horretarako, aspaldi honetan Sare erabiltzen ari den ikurra —Salatzen dut kanpainarena, hots, hatz erakuslea luzaturik duen eskua— erabili dute, eta «hatza altxatzeko» deialdia egin diete herritarrei: «Hatza altxaturik hemen nagoela aldarrikatzen dut. Hatza altxaturik txanda eskatzen dut, errespetuz eta irmoki, hemen nago, ikusgarria naiz, ikus nazatela Madrildik, Paristik eta Bruselatik», esan du Aldezabalek.
Herritarrei ez ezik, instituzioei ere mintzatu zaizkie Sareko kideak: «Tren hau bi bagoiz osatuta dago, bata jendartearena eta bestea instituzioena, eta biak dira beharrezko aurrera egin ahal izateko», esan dute.
Horregatik, dei egin diete eragile politiko, sindikal eta sozialei eta instituzio guztiei «giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen trenera» batu daitezen.
Bestalde, Kalera Kalera izeneko dinamikak elkarretaratzea egin du Durangon. Datozen asteetan mobilizazio gehiago egingo dituzte Euskal Herri osoan.
Presoen eskubideen auzian abagunea «erabakigarria» dela pentsatzen du Sarek
Urtarrilaren 14ko manifestazioan «hatz erakuslea altxatzeko» deia egin die herritarrei. Gizarteari eta instituzioei egin diete gonbidapena

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu