Politika

Presoen gizarteratzeari "legearen barruan" heldu behar zaiola, horretan bat etorri dira Iñigo Urkullu eta Pedro Sanchez

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarekin eta Andoni Ortuzar EAJren EEBko presidentearekin bildu da.

Sanchez eta Urkullu, gaurko bileran. ADRIAN RUIZ DE HIERRO, EFE
2017ko uztailaren 20a
07:13
Entzun 00:00:0000:00:00

Bi ordukoa izan da bilera, eta, amaitzean, bi alderdiek azpimarratu dute "autogobernua eguneratzeko eta hartan sakontzeko bidean" ibili behar direla. Gainera, espetxe politikari buruz ere hitz egin dute, eta adostu dute "legeak ematen dituen aukeren artean presoen gizarteratzeari heldu behar zaiola gizarte egoera berri honen aurrean". Ekainean jakinarazi zuten PSOEk eskatu zuela hitzordua. Adierazi dutenez, bileraren helburua zen hitz egitea bi alderdiek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duten gobernu akordioari buruz eta aztertzea "harreman estrategiko" bat izateko aukera. Aste honetan, hain zuzen, Barakaldoko PSE-EEk eten egin du EAJrekin zuen akordioa.

Urkulluren eta Sanchezen arteko bigarren bilera ofiziala izan da. Lehen aldiz, 2015eko uztailaren 15ean bildu ziren, Gasteizen orduan ere. Bat egin zuten biek, orduan ere, Espainiako Konstituzioa erreformatzeko eta autogobernua indartzeko asmoan. Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat "oso positiboa" izango litzateke Espainiako Konstituzioan erreforma bat egitea; horregatik, Sanchezek gaurko bilera baliatu nahi zuen ikusteko zein den jeltzaleen jarrera Diputatuen Kongresuan konstituzioaren erreformarako batzorde bat sortzearen inguruan. "EAJren jarrera ikustera eta haien iritzia ezagutzera dator. Luze ibili gara gu erreforma hori eskatzen, eta, Kongresuan batzorde hori sortu nahi duen gehiengo bat baldin badago, askoz hobeto. Uste dut EAJk baduela zer esana gai honen inguruan, eta proposamena onartzea espero dugu", adierazi du Anduezak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.