«Nortasun inkestek dakarten lerratzea» salatu du Ibai Agirrebarrena, Eneko Etxegarai, Gilen Goiti eta Xan Beirie lapurtar preso gazteen sostengu batzordeak. Nortasun inkesten bidez, Frantziako Estatuak «edozein moldeetako ihardokitze eta borroka adierazpenen isilaraztea» duela helburu salatu du Leihoa batzordeak.
Azken aste hauetan, polizia etxera deitu dituzte presoen senide eta hurbileko andana bat, lekuko gisa informazioak emateko.Adingabeak eta 70 urtez gorakoak, senideak eta lagunak... hainbat jendek eskuratu dute polizia etxera joateko eskaera. Gehienekez dute onartu eskaera hori, «lekukotasunak presoen kontra baliatzen ahal dituztelako eta ez ditugulako gure presoak horrela lagunduko», Jeanine Beiriek, preso baten amak, azaldu duenez.
Nortasun inkesta horien salatzeko eta presoek eta herritarrek jasaten dituzten presioen salatzeko, lau presoen gurasoek gutun bateratu bat bidali zioten aurreko astean kasuko instrukzio epaileari.
Elkartasunezko kanpaldia
Asteburu guztian, Leihoa batzordeak Kanboko herriko etxearen aurrean oihal handi bat jarri, eta hainbat lagunek asteburua han pasatu zuten. Manifestazio, hitzaldi, kontzertu, elkarretaratze... asteburu guztian hainbat animazio iragan ziren. Atxiloketa hauen gibelean dagoen mekanismoaren irakurketa egitea zen asteburu honen helburua, Amaia Beirie Leihoako kideak azaldu zuenez. Hori dela eta, hainbat hitzaldiren bidez «atxiloketa hauen gibelean gordetzen dena» esplikatzen saiatu ziren antolatzaileak. Besteak beste, Oldartu kolektiboak proposaturik, DNAren fitxaketari buruzko hitzaldia izan zen larunbat arratsaldearekin. Igande goizean, berriz, «Frantziako Estatuak barneko etsaiak sorrarazteko daukan estrategiaz» burututako tesia presentatu zuen Mathieu Rigoustek, giza zientzietakofrantses ikerlariak.
Amaia Beiriek azaldu zuenez, «dinamika luze baten hastapena» izan nahi zuen asteburu honek.
Presoen hurbilekoei egin inkestak salatu ditu Leihoa batzordeak
Lau lapurtar presoren sostengu batzordeak dio inkesta hauen helburua «borroka adierazpenen isilaraztea» dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu