Coruñako lurralde auzitegiak Juan Luis Pia epaimahaiko presidentearen bidez gaur jakinarazi du Prestige ontziari buruzko behin betiko epaia, Galiziako uretan hondoratu zenetik 11 urtera, eta hiru akusatuak absolbitu ditu; Nikolaos Argyropoulos petroliontziaren makina burua, Apostolos Mangouras kapitaina eta Jose Luis Lopez Sors Aznarren gobernuko Merkataritza Ontzidiko zuzendari ohia. Bost eta hamabi urteko kartzela zigorra eskatzen zuten haientzat, baina absolbitu egin dituzte. Mangouras kondenatu dute soilik bederatzi hilabeteko kartzela zigorrera, baina desobedientzia delituagatik. 78 urteko ditu, eta ez da espetxera sartuko.
Ebazpenaren arabera, ontziko teknikariek jokaera “logikoa” hartu zuten hondamendiaren aurrean, eta ez dute legezko erantzukizunik. Espainiako estatuko administrazioa erantzukizun orotatik salbuetsi du; ez zuela hondamendia eragin dio, eta, kontrara, ahaleginak egin zituela eragindako kalteak konpontzeko. Epaileek erabaki dute, orobat, hondamendiak eragindako kalte ekologikoak ontziaren aseguru konpainiak hartu beharko dituela bere gain.
Hondamendiaren kausa zehatza ziurtasunez jakitea ezinezkoa dela nabarmendu du epaiak. “Probatu daitekeen bakarra holtz estruktural baten haustura da”. Dena den, ontziaren egoerak zerikusi zuzena izan zezakeela uste du, betiere gertatutakoaren benetako kausak inoiz ezingo direla bete-betean jakin, datu zehatzik ez dagoelako.
Hondoratu zen ontziaren egoera prekarioa eta deitoragarria zela dio epaiak, eta itsasora irteteko baimenik ez lukeela izan beharko nabarmendu du. “Ontziaren segurtasuna eta egonkortasuna kolokan zegoen”. Alde horretatik, ebazpenak adierazi du iragarpen hori egitea teknikoei soilik esleitu dakiekeela, eta haien erantzukizuna zela ontzia behar bezala gainbegiratzea. Mantentze lanak ere era kaskarrean egin zirela azpimarratu du epaileak. Halere, adierazi du teknikoen testigantzak ez datozela bat ontziaren akatsak begi bistakoak ziren edo ez esaterakoan, eta ezin dakiekeela zigor penalik ezarri.
Ebazpenak, gainera, Prestige ontziaren aurreko kapitainari egotzi dio petroliontziaren egoera kaskarra, ohartarazi behar zuelakoan. “Ontziaren jabetza zuen enpresak bazekien ez zegoela egoera egokian, baina ezkutatu egin zuen”. Epaileak uste du ulertezina dela kapitainak ontziaren egoeraren berri formalki ez ematea, haren bizitza arriskuan zegoelako.
Duela 11 urteko gertaerak
Letoniatik Gibraltarrerako bidea egin behar zuen, baina ez zen portura arribatu. Galizian, Costa da Morte parean amaitu zen Prestige petroliontziaren bidaia, 2002ko azaroaren 13 hartan. Baina amesgaiztoaren hasiera besterik ez zen izan. Barruan zeramatzan 63.000 tona fuel olio isuri zituen, 170.000 tona hondakin eta heriotza ubera beltza utzi zuen atzean. Galiziako kostaldean izan zuen eragin handiena, baina Asturias, Euskal Herria eta Frantziaraino ere iritsi zen Prestige ontziaren marea beltza. Besteak beste, 2.900 kilometroko kostaldean eraginak izan zituen, eta, orotara, 1.177 hondartza kaltetu zituen. Inoizko hondamendi ekologikorik larrienetakoa ez ezik, kalte ekonomiko itzelak, herritarren protestak eta PPren gobernuaren garaiko estualdi politiko handienetakoa eragin zituen.
Prestigek istripua izan zuela hamaika urte dira. Haren arrastoa, ordea, askoren gogoan da oraindik. Ekaitzak gogor jo zuen Galiziako kostaldea egun hartan, eta ur arrakala zabaldu zitzaion Prestigeri. Laguntza deia bidali zuen, baina ontzia babesgune batera eraman ordez, urruntzea erabaki zuen orduko PPren gobernuak, Jose Maria Aznar buru zuela.
Horrek are gehiago okertu zuen egoera, ontzia are babesgabeago utzi baitzuen ekaitzaren erdian, eta, behin hondoratuta, kostalde osora barreiatu baitzen fuela. Herritarrek aurrez aurre ikusi zuten marea beltzaren tamaina, Galiziatik Landetarainoko hondartzak beltzez zikindu baitziren. Ia baliabiderik gabe hasieran, milaka arrantzalek eta boluntariok lan eskerga egin zuten kostaldea garbitzen, olatuek egunez egun orban gehiago bidaltzen zizkietela, etsi gabe.