Bi lan zituela aipatu zuen kargua hartzean Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak: murrizketak —«presazko lana»— eta erreformak —«garrantzizko lana»—. Mozketak egin ditu, eta aldaketen txanda da orain: Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Legea egingo du. Hezkuntza zentralizatzeko joera argia du lege proiektuak; irakats-aldi bakoitzaren amaieran «azterketa nazional bat» egin beharko dute ikasleek, besteak beste. Erabat taxututako plana aurkeztu badu ere, hezkuntza komunitateko eragileekin bildu nahi du Wertek, «akordio zabala» lortzeko asmoarekin. Lege berria «urteetarako erreferentzia» izatea nahi baitu. Aipatzekoa da zenbakia: azken urteetako zazpigarren hezkuntza erreforma da Wertek mahai gainean jarritakoa.
Eskola porrotari aurre egitea eta estudianteen emaitzak hobetzea jarri ditu helburu Wertek, eta hiru neurri iragarri ditu. Honatx:
1. Proba «nazionala»
Azterketek, kalifikazioek eta rankingek hezkuntza hobetzen dutela sinetsita dago ministroa, eta horretan zorrotz hasteko asmoa du. «Ebaluaziorik egin ezean, ezin dugu aurrera egin», ohartarazi du. «Azterketa mardula» jarriko diete estudianteei irakats-aldi bakoitza amaitzean; «azterketa nazionala» izango da, Madrilek erabakiko baititu oinarrizko edukiak.
Antza badauka PPk orain hamar urte onartutako amaierako azterketarekin: biek izango dute zentralizaziorako joera, Espainiako Gobernuak ezarriko baitu eta eskoletan ematen dituzten edukiak kontrolatzeko modua izango baitu. Alde bat bistan dago, ordea: Wertek esana du irakats-aldi bakoitzeko proba horiek ez dutela eraginik izango ikasleen espedientean; aurrekoak bazeukan. Beste bat da oraingo probaren xedea: estudianteen noten arabera, ikastetxeen rankingak osatzea.
2. Aukeraketa, lehenago
Porrotari eta eskola uzteari aurre egitea lehentasuna da Espainiako Gobernuarentzat: hirutik batek ez ditu oinarrizko ikasketak amaitzen, eta laurdenek utzi egiten dute eskola oinarrizko titulua lortu orduko. Egoera oso bestelakoa da Hego Euskal Herrian, baina Werten errezetek eragina izango dute han ere. Gogoko duten adarra lehenago aukeratzeko eskatuko diete ikasleei. Ministroak uste du egungo sisteman tokia aurkitzen ez duten ikasleek gogoa galtzen dutela, eta azkenean utzi egiten dutela eskola. Hala, DBHko 3. mailan egin ahalko duten lehen aukera, ikasketak Batxilergora edo Lanbide Heziketara bideratuta; atzera egin ahalko dute, ordea. Orain bezala, 4. mailakoa izango da benetako aukera. Horrenbestez, ezerezean geratu da hiru urteko Batxilergoa jartzeko asmoa.
3. Ikasgai gutxiago
Espainiako hezkuntzaren egoera kaskarra agerian utzi ohi dute nazioarteko azterketek. Hori iraultzeko, proba horietako ikasgaiak, «oinarrizkoak», indartuko ditu Espainiako Gobernuak. Hortaz, Matematikako, Zientziako eta hizkuntzetako —bereziki Ingeleseko— ordu gehiago egongo dira. «Benetan garrantzizkoa dena indartu behar dugu», azaldu du Wertek. Ikasgai horiei ordu gehiago jartzeko, beste batzuei kendu beharko dizkiete, edo ikasgaiak kendu erabat. Hautazkoak kenduko dituzte, eta beste bat ere bai: Herritartasunerako Hezkuntza ezabatzeko bidea ireki du Wertek.
Proba «nazional» bat egingo du PPk, ikasleei irakasten dietena behatzeko
Zazpigarren hezkuntza erreforma proposatu du Espainiako Gobernuak: eskolen rankingak egin nahi ditu azterketarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu