Jasoa dute Osakidetzako osagileek agindua. Datorren astelehenetik aurrera, lehendik zuten lauko zerrendari, beste zazpi —zortzi dira printzipio aktiboak zenbatzen badira, baina bi batera erabiltzen dira— gehitu beharko dizkiote, eta sendagai horiek errezetatzeko garaian, markakoen ordez botika generikoen aldeko hautua egin beharko dute. Gaixo kronikoekin erruz erabiltzen diren zazpi botika klase direla nabarmendu dute Osakidetzako arduradunek; kolesterola, hipertentsioa eta antzeko eritasun ohikoak tratatzeko erabili ohi direnak daude tartean. Egun 120.000 pertsona inguruk hartzen dituzten sendagaiak direla azaldu dute. Modu horretan, dirua aurrezteko esperantza dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko agintariek. Orain urtebete, lau sendagai klasetan botika generikoen aldeko hautua egiteko eskatu ostean, 7,2 milioi euro aurreztu zituzten zortzi hilabetean —azken hilabeteetako datuak falta dira— eta bide horretan segi nahi dute. Sendagileek eskariari eman dioten erantzun «onarekin» oso pozik daude. «Ederki lotu zaizkio, bai osasun zentroetan eta baita erietxetan ere», adierazi dute saileko informazio iturriek.
Iaz, Rafael Bengoak erabakiaren berri eman zuenean, hautsak harrotu zituen.Lau botika hautatuetan, medikuek, generikoak errezetatu ezean, azalpenak eman beharko zituztela azaldu zuen, eta aurki haserrea erakutsi zuen botikak egiten dituzten enpresak batzen dituen Farmaindustria erakundeak.Botiken finantzaketa sistema urratzea leporatu zioten industriako ordezkariek Jaurlaritzari, erabaki horiek Espainiako estatuarenak direlakoan. Auzitara eraman zuen Osasun Saila, eta oraindik auzia ez da argitu. Arabako Medikuen Elkargoak ere kritikatu zuen erabakia, medikuen askatasuna urratzen zela argudiatuz. Polemikak polemika, sendagileak proposamenari bikain atxiki zaizkiola diote Osasun Saileko informazio iturriek. Horregatik, azaldu dutenez, astelehen honetatik aurrera martxan jarriko den eskarian, ez dituzte medikuak azalpenak ematera derrigortuko.
Profesionalen erantzun ona nabarmentzekodatuak erakusten dituzte Osasun Saileko arduradunek. Iaz errezetatzen hasi ziren lau botiken kasuan, Osakidetzak eskaria egin aurretik, generikoen erabilera kuota ez zen %19ra iristen; orain, berriz, generikoen kontsumoa %93tik gorakoa da lau botika horietatik hirutan. Hirusta horretatik kanpo geratu den sendagaiaren kasuan, gaur egun kuota %65ekoa da. Nolanahi ere, kuotarik baxuenarekin botika horixe abiatu zen: %1,7koa zen orain urtebete.
Horrek guztiak bultzada agerikoa eman dio botika generikoen erabilerari iragan hilabeteotan. Osasun Sailak jakinarazi dituen azken datuak igaro urtarrilekoak dira; errezetatutako botika guztiak aintzat hartuta, %24,51koa zen generikoen kuota. 2009ko eta 2010eko abenduko datuak konparatuz egin dute alderaketa: %9ko igoera izan zen.
Horrek, botiketan diru ugari aurreztea ekarri du. Azkenaldian bai Euskal Autonomia Erkidegoan eta bai Nafarroan aski nabarmena da, hilabetez hilabete, urtebete lehenagoko datuekin alderatuz, botika gastuan beherakada. Apirilean, esaterako, murrizketa, errezetako %9,01ekoa izen zen Nafarroan eta %7,4koa Euskal Autonomia Erkidegoan. Gastua «arrazionalizatzeko» neurri ugari hartu dituzte bi administrazioek azkenaldian, baina generikoen gaineko erabakiek ere eragina izan dute datuetan. Nafarroan ere iaz generikoen aldeko politika abiatu zuten hauen generikoen errezeta kuota %19,5etik %28ra igotzeko asmoz. Lehen sei hilabeteetan %5eko igoera erdietsi zuten. Ipar Euskal Herrian erruz erabiltzen dira botika generikoak eta gizarte segurantzak ez ditu osoki ordaintzen markakoak.
Industriaren indarra
Osasun publikoa sustatzeko Osalde erakundeko presidente Juan Luis Uriak, astelehenean indarrean jarriko den aldaketaren harira, onesten du Osakidetza urratzen ari den bidea. Bide horretan areago egin behar dela dio, ordea. Botikak egiten dituzten enpresek beren sendagaien alde egiten dituzten marketin kanpainak oso erasokorrak direla nabarmendu du. «Aurrekontuaren %30 xahutzen dute horretan». Osasun arloko profesionalentzat tentagarriak direnez, erakunde publikoek horri aurre egin behar diotela pentsatzen du. Interes ekonomiko handiei muzin eginez, osagileen «independentzia» du xede. Argi du: «Osasun arloko gastuaren handitzea txarra da osasunarentzat». Zenbait botika arrunt garestiak direla dio; horien artean zerrendatzen ditu, esaterako, GIB birusaren kontra egiteko zenbait sendagai, minbiziaren aurkako hainbat tratamendu eta antibiotiko batzuk. Baina, oro har, gastua murriztu daitekeela dio, eta botika generikoek horretarako aukera primerakoa ematen dutela. Are gehiago, azken xedeak botiken erabilera murrizteak izan behar luke. «Gehiegizko medikatzeko joera dago» .
Horregatik Osaldek aski gogo onez hartu du Osakidetzak berriro ere botika generikoak errezetatzeko egin duen deia. «Gu ados gaude, baina ez arrazoi ekonomikoengatik, arrazoi etikoengatik baizik», ohartarazi du. Gainera, Osasun Sailari hainbat eskakizun egiten dizkiotela dio. Bat, botika generikoen itxurari lotutakoa da. Eskatzen diote, botika generikoek markakoen itxura berbera izatea. «Botika ugari hartu behar dituzten adineko pertsonak badira.Granateak, berdeak... Koloreen arabera bereizten dituzte sarri, eta generikoek ere kolore horiek izatea komeni da».
Badute beste kezka bat ere Osalden: «Ospitaletan gastua ez da neurri berean murriztu». Horrek arazoak dakartza. «Erietxean espezialistak markako botika jakin bat errezetatzen dio eriari, eta gero famili medikuak botika horren aldaera generikoa errezetatzen dionean, gatazka sortzen da». Erietxetan oraindik ere ahalegin bat gehiago bat egin behar dela uste dute: «Ospitaleak gehiago lotzen bazaizkio generikoen aldeko hautuari, gastua gehiago urritu daiteke». Datuek ere agerian uzten dute kezka horren funtsa. Lehen arretako zentroetan dute generikoen errezetatze kuota altuena: %25,36. Erietxeetan baxuagoa da:akutuen zaintzan %17,13koa, epe ertain eta luzeko egonaldietan %21,30koa eta erietxe psikiatrikoetan %13koa.
Sendagai generikoen erabilera
Profesionalen erantzuna «ona» dela eta, generiko gehiago Osakidetzan
Lau sendagaitan generikoak errezetatzeko agindu zuen iaz; zortzi hilean generikoen kuota %9 igo eta 7,2 milioi aurreztu zirenZazpi botika gehituko dituzte etzitik; orain osagileek ez dute azalpenik eman beharko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu