Proiektuak, herritarren gainetik

Ingurumen auziez eta demokrazia parte hartzaileaz jardun dute Etika eta Filosofia Politikoaren Astean

jon olano
Donostia
2011ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Ingurumenari eta herritarren bizimoduari eragiten dioten proiektu «estrategiko» delakoek eztabaida sortu izan dute Euskal Herrian. Egitasmo horiek gatazka sortu ohi dute proiektu horien aldekoen eta kontrakoen artean. Eztabaida horren ispilu eta pizgarri izan daitezke hedabideak. Proiektu horiek demokrazia parte hartzaileari eskain diezaioketen eremua eta komunikabideek gatazka horietan jokatzen duten rola aztergai izan du Parte Hartuz ikerketa taldeak. Etika eta Filosofia Politikoaren XVII. Astea abiatu du EHUk, Donostian. Gu eta Besteak da aurtengo astearen leloa, eta, hiru egunean, 300 hizlaritik gora pasako dira Donostiako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien fakultatetik. Parte Hartuz politika zientzietako ikerketa taldea, tartean. Taldearen izenean, Ingurumen Politiken Komunikazioa: Sostengarritasuna, gatazka eta demokrazia parte hartzailea izenburu duen ikerketa aurkeztu zuten atzo Iñaki Barcenak, Iban Galletebeitiak, Josu Larrinagak eta Mario Zubiagak. Muskizko koke planta eta Urdaibaiko Guggenheim museoa (Bizkaia), Zubietako errauste planta (Gipuzkoa) eta abiadura handiko trena izan zituzten ikergai.

Barcenak demokrazia parte hartzailea defendatzen du auzi ekologikoei eta demokraziaren «krisiari» aurre egiteko tresna gisa. Haren iritziz, krisi bikoitza bizi dute Euskal Herriak eta, oro har, Mendebaldeko estatuek. «Krisi ekologiko latza dugu: baliabide naturalen agortzearena, eta lurrak jaso dezakeena baino gehiago isurtzearena». Bestalde, demokraziaren eredu ordezkatzailea ere krisian dagoela iritzi dio. Bi krisi horiei aurre egiteko, ordea, demokrazia parte hartzailea tresna egokiena dela uste du: «Demokrazia parte hartzaileak bi arazoei egiten die aurre. Arazo ekologikoei ezin zaizkie erantzun autoritarioak eman; erantzun demokratikoak izan behar dira».

Zubiagaren arabera, ingurumenarekin zerikusia duten gaiekmuga geografikoa eta historikoa hautsi dute. Fukushiman (Japonia) gertatutakoak Euskal Herriko politikan eragiten du, eta egun hartzen diren erabakiek eragina izango dute etorkizunean. Halako auzietarako, bi irteera posible daudelakoan da Zubiaga: «Politika gutxiago, ala politika gehiago». Zubiagaren ustez, eztabaida sakona pizten duten gaiak ez dira eremu politikotik atera behar, gai horiek «gehiago politizatu» baizik: «Ingurumen gaiak politika ordezkatzaile klasikotik haratago eraman behar dira, eta eztabaida eragile gehiagori ireki».

Eremu publikoa politizatzea eta erabaki politikoetan inplikatzea da garrantzitsua, Zubiagaren irudiko. Hedabideek eremu publiko hori osatzen lagundu behar dutela uste du, baina orain arte ez dutela jokabide hori izan: «Konfrontazio dinamikak lagundu dituzte orain arte, eta eztabaidak parametro arrazionaletan planteatzen lagundu behar dute. Ez dute lan hori egiten; kokatu egiten dute euren burua».

Gatazka klasikoak

Larrinagak eta Galletebeitiak aztertu dituzte Muskizko koke plantaren, Zubietako errauste plantaren, Urdaibaiko Guggenheim museoaren eta AHTaren kasuetan sortutako dinamikak. Muskizko koke plantaren ingurukoa «gatazka klasikoa» dela uste du Larrinagak; izaera lokala izanagatik, eragin globala baitu. Dioenez, bi jarrerak aurrez aurre egiten dute topo gatazka horietan: eraginak jasaten dituztenena, eta proiektua beharrezkotzat jotzen dutenena. Jokabide horien inguruan, bi diskurtso nagusitzen direla dio Larrinagak: «Hau beharrezkoa da» dioena, eta «gure ongizatea guk definitzen dugu eta ez dugu hau onartzen» dioena.

Zubietan nahiz Muskizen, proiektuaren alde egin dutenek aurkakoak bizilagun «berekoitzat» jo dituztela iritzi dio Larrinagak. Zubietako kasuan, ordea, ñabardura bat antzeman du: «Leporatze horrek ez du zentzurik atez atekoarekin beste aukera bat mahai gaineratzen duten momentuan». Haren arabera, gatazka lausotu egiten da herri galdeketa bat dagoenean, eta, hartara, herritarrei parte hartzeko tresnak ematearen alde egin du.

AHTaren auzian, bere sustatzaileek jokabide beligeranteagoa izan dutela iritzi dio Galletebeitiak: «Hain aberatsa izan den mugimendu guztia pikutara bota dute; etsaiari zapia jarri diote aurpegian, eta mugimendu dena zikindu dute».

Udal eta foru bozen ondoren, jende askori eragiten dioten proiektuek «beste norabide bat» hartu beharko luketela uste du Galletebeitiak. Gainera, hedabideetan ere ingurumen gaiei buruzko gatazkak modu oso bortitzean landu direlakoan da, eta horiek elkarlanaren aldeko jarrera sustatu behar dutela uste du.

Ingurumen gaietan, «elkarrizketaren eremua» aldarrikatu dute laurek. Haien aburuz, Lemoizko zentral nuklearraren auzitik hona, eztabaida guztiak jokabide gotortuetatik defendatu dira. «Erdibiderik ez balego bezala», Zubiagaren arabera. Horregatik, «baiezkoaren eta ezezkoaren artean» bilatzeko eskatu diete erakundeei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.