Koronabirusa

Prostitutak, are ikusezinago

Premia gorrian daude prostituzioan diharduten andreak: zazpi aste daramatzate diru sarrerarik gabe, eta askok ezin dute diru laguntza publikorik eskatu, ez dituztelako betetzen horiek jasotzeko baldintzak.

Prostituzio klubak itxita daude, osasun larrialdiaren ondorioz. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Prostitutak guztiz ikusezin bihurtu dira, koronabirusak eragindako larrialdiaren ondorioz. Kaleetan geratzen ziren apurrak desagertu dira espaloietatik, klubak itxita daude, eta mugikortasuna murrizteak jarduteko ia aukerarik gabe utzi ditu etxeetan aritzen direnak ere. Diru sarrerarik gabe daramate hilabete eta erdi, baina zail dute laguntzak eskatzea, eta horrek ataka estuan jarri du aurrez ere oso zaurgarria zen kolektiboa. «Izorratuta daude», laburtu du, gordin, Amaia Lasherasek, Donostiako Arrats elkarteko kideak. Prostitutekin lan egiten duten taldeek «orotariko egoerak» ikusi dituzte aste hauetan, Nafarroako Abiatze elkarteko eledun Koro Ormaetxeak azaldu duenez: «Jardun alegal bat egiten dute, ez diena herritar eskubiderik eta eskubide sozialik ematen, eta, beraz, ez daukate modurik egoera zail hau arintzeko». Eta horri erantsi behar zaio prostituzioan ari diren emakume eta transexual asko bizitokitik kanpo ari direla konfinamendua igarotzen: itxialdiak harrapatu zituen lekuan.

«Logikak diosku jarduera erabat geldirik dagoela», berretsi du Diego Lodeirok; Askabiden lan egiten du, Bizkaian bazterketa egoeran dauden prostitutekin aritzen den elkartean. «Emakume hauek oso kontziente dira egoera honetan lan egiteak dakartzan arriskuez; beti izan dira osasunarekin sentsibilizatutako kolektibo bat». Lasherasek zehaztu du etena premiaren araberakoa ere izan dela: «Batzuk lanera itzuli dira, egoera ekonomiko larrian zeudelako. Jateaz ari gara, oinarri-oinarrizkoenaz. Lehen egunetan andre batzuek esan ziguten: 'Ez dugu ezer jan gaur'». Ez dira gutxi batzuk: hiru elkarteak ari dira janaria banatzen, elikagai bankuen laguntzaz. «Ez dugu inoiz janik partitu behar izan prostituten artean, orain arte», nabarmendu du Lasherasek.

Izan ere, diru sarrerarik ez dute, eta diru laguntzarik ere ezin dute ia eskatu. «Oro har, ez dago haientzako laguntzarik; gobernuak orain onartzen ari diren sarietako baldintzak ere ez dituzte betetzen», gaitzetsi du Lodeirok. «Betiko» arazoa aipatu dute eragileek: edozein laguntza jasotzeko eskatzen dute erroldatuta egotea —batzuetan, gainera, hainbat hilabetez edo urtez— edota alokairu kontratua edukitzea, eta prostituta askok ez daukate halakorik. Gizarte larrialdietarako laguntzez mintzatu da Lasheras; oinarrizko premiak asetzeko helburua dute, eta udalek kudeatzen dituzte: «Eskakizunak malgutzeko eskatu diegu udalei; bestela, laguntzak jasotzeko eskubiderik gabe geratuko dira emakumeak». Ormaetxeak gogoratu du prostitutagehienak etorkinak direla: «Papergabeentzat are zailagoa da halako agiriak edukitzea».

Etxetik kanpo konfinatuta

Berezko eragozpen horiei gehitu behar zaie prostituta asko euren ohiko bizitokitik kanpo ari direla itxialdi garaia igarotzen. Izan ere, azken urteetan nabarmen handitu da emakume horien mugikortasuna, plaza sistema deiturikoaren bidez: hiri batetik bestera ibiltzen dira, 21 eguneko egonaldiak egiten, bai klubetan, bai etxeetan. Beraz, konfinatzeko agindua iritsi zenean, zeuden lekuan geratu behar izan zuten. «Batzuek etxera itzultzeko modua egin zuten, baina beste batzuek ezin izan zuten, edo ez zeukaten diru nahikorik; izan ere, badaude estatu osoan bizitokirik ez dutenak, hilabete batzuetan plazak egitera etorri direlako», azaldu du Lodeirok. Alderantziz ere gertatu dela gaineratu du Ormaetxeak: «Badakigu hemengo emakume batzuk Italian, Suitzan edo Erresuma Batuan harrapatu dituela krisiak, han zebiltzalako epe batez».

Baina non ari dira konfinamendua igarotzen kanpoko emakume horiek? Denetarik dagoela esplikatu du Ormaetxeak: «Gutxi batzuk klubetan daude, ez daukatelako nora joan; eta beste batzuk bildu egin dira haietako batek alokatuta zeukan etxean». Antzeko joera sumatu du Lodeirok: «Haien artean antolatzen ari dira, elkarri laguntzen, eta arazoak konpontzen». Bizitoki arazorik ez dute sumatu eragileek, baina badago kezka iturri handi bat: alokairu gastuak. «Plaza bat egitean, klub batean zein etxe batean, logelaren alokairua pagatu behar dute, baina lanik egiten ez badute, ezin dute ordaindu», ohartarazi du Lodeirok. Ezinegon hori bera du Lasherasek, baina epe ertainera begira: «Krisiaren ondorena izugarria izango da, zorra pilatzen ari baitira. Plaza egiten ari ziren tokian geratu direnei alokairua atzeratu diete, baina ordaindu beharko dute; eta kredituak dituztenekin ez dakigu zer gertatuko den».

Eguneroko diru sarrerak

Larridura horrek agerian jarri du prostituten egoera ekonomikoa. «Eguneroko diru sarreretan oinarritzen da sarri; beraz, ez daukate aurrezkirik edo halako egoera bati aurre egiten lagunduko liekeen aurreikuspenik», esplikatu du Ormaetxeak. Lodeiroren arabera, gainera, zaila zaie etorkizunean pentsatzea: «Askabidera etortzen direnak, behintzat, egoera ekonomiko prekario bategatik daude prostituzioan, eta sartzen zaien dirua familiei bidaltzen diete. Egunean bizi dira; beren eskaerak berehala asetzekoak dira. Hemen denbora asko daramaten batzuek eska dezakete laguntza bat edo diru sarrerak bermatzeko errenta, baina noiz helduko zaie? Beren premiek ezin dute itxaron».

Ahal duten moduan ari dira eragileak behar horiei erantzuten. Lasheras: «Kasu asko Donostiako Udaleko gizarte zerbitzuetara bideratzen ari gara, eta, egia esan, oso ondo erantzuten ari da». Administrazioekin ez ezik, bestelako entitate sozialekin ere ari dira. Lodeiro: «Caritasen bidez, diru sail bat lortu dugu emakume batzuen alokairua ordaintzeko, eta horrekin arnasa pixka bat hartu dugu. Arazoa da nola moldatuko garen egoera hau asko luzatzen bada».

Hala ere, laguntza eskatzeko bidea ere ez da erraza, Ormaetxeak azaldu duenez: «Estigmak zail egiten du sexu langile gisa identifikatzea, baita gizarte zerbitzuetara jo behar dutenean ere. Askotan galdetzen digute: 'Deituko dut, baina zer esango diet galdetzen badidate zertan lan egiten dudan?'. Latza da hori galga bat izatea une zail hauetan laguntza eskatzen ausartzeko». Identifikazio falta hori baliabideen eremura ere heltzen da, Lodeiroren hitzetan: «Jantoki sozialetara edo aterpetxeetara joateari ere uko egiten diote sarri; ez dira horiekin identifikatzen, leku arrotzak dira haientzat».

Eremu ikusezinak

Hala ere, Lodeirok aitortu du elkartea ez dela prostituzioan diharduten guztiengana iristen, eta horrek kezka eragiten diela: «Ez dakigu zer gertatzen ari den ikusezinen daudenekin, hau da, etxeetan aritzen direnekin». Eta gero eta gehiago dira, Ormaetxeak gogora ekarri duenez: «Duela urte batzuk, prostituzioan klubak ziren nagusi, baina azken urteetan aldaketa izan da, eta etxeak gailendu dira. Erakundeontzat zailagoa da haiekin harremana izatea, kokapenak maiz aldatzen direlako, mugikortasun handia dagoelako, eta azkenean telefono zenbaki bat baino ez dugulako».

Ezkutuan dagoen beste jardunetako bat webguneen bidezkoa da. Kezkaz mintzatu da Ormaetxea, asko martxan daudelako, normaltasunez: «Batzuek orria itxi dute COVID-19a argudio hartuta, eta beste batzuk webcam bidez ari dira; baina hainbat webgune iragarkiak eskegitzen eta berritzen ari dira, osasun krisia aipatu ere egin gabe. Zerbitzuak eskainiz, konfinamendua urratzea bultzatzen ari dira». Lasherasek ere sumatu du jarduera ez dela guztiz eten, hain justu ere, Arratseko kideak webguneotan sartu direnean: «Konturatu ginen bezeroek deitzen jarraitzen dutela, zeren baten batzuek deitu baitziguten, pentsatuz prostitutak ginela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.