Prostituzioa gordelekuetara bultzatzeak ez ditu arazoak konpontzen eta zailtzen du prostitutei laguntza emateko aukera. Hala deritzote gizarte laguntzaileek. Horregatik, hainbat dira diputatuen lege proposamena zuhurtziaz hartu duten eragileak. Emazteak haien gorputza saltzera gaitzesten badute ere, Anthony Brouard Aides elkarteko Akitaniako zuzendariaren iritziz,bezeroen kontrako jazarpenak eragin zuzena izango du prostitutengan. Bezeroek eskatuko dute haien egoera arriskuan ezarriko ez duen egoera, eta horrek gehiago gordetzera behartuko ditu prostitutak. Osasun arloan ere ondorioak dituela dio. Ipar Euskal Herrian, prostituzioaren argazkia egiteko ikerketa abiatu zuten iaz, baina bertan behera gelditu zen baliabide faltengatik. Errealitate aldakorra dela dio, turismoaren etorrerarekin handitzen delako. Izan ere, karriketatik atera zituen Sarkozyren legeak. Karrikan ikusezinak dira, baina ugaritu egin dira Internet bidezko eskaintzak.
Aides taldeko ordezkari gisa osasun arloaz bakarrik eman du iritzia. Sexu harremanen bidezko eritasunak ditu gogoan. Prostituzioa aipatzean, emazteak dira talderik handiena. Alta, gizonezkoena ere bada, edota transexualena. Talde batzuetan eritasunek eragin handia dutela nabarmendu du. Bezeroak zigortzeak ez duela egoera konponduko dio.
Legeari kritika zorrotza egiten dio, formetatik hasita. «Adituen artean bildu dira lege proposamena aztertzeko, txosten mardulak aztertzeko, baina ahaztu zaie oinarrizko urratsa egitea, alegia, prostituzioan lanean ari diren pertsonei ematea hitza». Prostituten ordez mintzatzeak zentzurik ez duela dio.
Hezkuntza, gakoa
Amaia Fontang Baionako militante feministak zuhurtziaz hartu du gaia. Proxeneten sareen kontra ekin behar dela nabarmendu du. Bezeroen kontra eragitea baino eraginkorragoa delakoan. Mendeetako arazoa dela kontuan harturik, sakoneko konponbidea behar duela dio, eta hezkuntzatik eragitearen garrantzia du lehentasun. Prostituten kasuan, nabarmentzen du usu etorkinak direla, ez dutela agiririk. Proxenetak salatzea abantzu ezinezkoa da, legeak babesa ematen ez badie. Gizarte langilea izan da luzaz Fontang, eta nabarmendu du usu emazte horiek ez dutela bertze diru iturririk. Sarkozyren legeak etxean sartu zituen prostitutak. Bezeroek, usu, Gipuzkoara jotzeko ohitura dute, erosketak egitera joanen balira bezala.
Prostitutak ikusezin bihurtzeak ugaritu egiten ditu arazoak eta zailtasunak
Abolizionismoaren alde ez diren taldeen arabera, errepresioa indartzeak ez du konponduko mendeetako errealitatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu