Prostituzioa ordena publikoko «arazotzat» ez hartzeko eskatu du Emakundek

Prostituzioa galarazten duten udal arauek ez dituzte emakumeen eskubideak kontuan hartzen, haren ustez

Erredakzioa
2010eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Emakundek ez du begi onez ikusten prostituzioa ordena publikoko edo segurtasuneko «arazo» bat bezala tratatua izatea, «kalean jarduera hori galaraziz». Bilboko Udalak onartu berri duen udal ordenantzaren harira sortutako eztabaidari loturik, beraz, prostituzioari buruzko iritzia plazaratu du Emakundek. Prostituzioaren fenomenoa «konplexua» dela, eta, horenbestez, «erantzun konplexuak» eskatzen dituela deritzo Emakumearen Euskal Erakundeak.

Prostituzioa galarazten duten udal arautegiek emakumeen eskubideak ez dituztela kontuan hartzen ere salatu du Emakundek. «Prostituzioa segurtasun kontu bat bezala ikusiz gero, ez da kontuan hartzen prostituzioan dabiltzan emakumeen eskubideen defentsa, eta ez da hausnarketarik egiten gure gizartean prostituzioa egon dadin laguntzen duten faktoreen inguruan». Emakunderen iritziz, hain zuzen, bi faktore nagusik ematen diote bide prostituzioari: «Emakume eta gizonen artean oraindik ere badiren botere harreman desberdinek, eta iparraldeko eta hegoaldeko herrian artean oraindik ere badaudenek».

Kalean prostituzioan diharduten emakumeei isunak jarri baino gehiago, emakume horien «oinarrizko eskubideak errespetatu» eta gizarte bazterkeria jasaten dutenen bizi-kalitatea hobetu behar dira, lehen-lehenik, Emakundek adierazi duenez. Horretarako, osasun, prestakuntza edota enplegu alorretan «erregulazio ekintzak» martxan jartzea, ezinbestekotzat jo du Emakundek.

Egun, administrazio publikoek prostituzioan diharduten emakumeekin lan egiten duten elkarteei laguntzak ematen dizkietela oroitarazi du Emakundek. Baina esparru horretan «jauzi kualitatiboa» eman eta erakunde publikoen jarduera «egituratua, koordinatua eta eraginkorra» behar dela eskatu du Emakundek, «esku-hartzearen kalitatea eta oreka denboran zehar mantentzeko».

Azkuna, polemikatik ihesi

Emakunderen oharraren berri izan ostean, «inorekin ika-miketan sartzeko gogorik» ez duela adierazi du Iñaki Azkuna Bilboko alkateak. Prostituzioak kalean duen presentzia arautzearen beharra nabarmendu nahi izan du, ordea. Udal ordenantzaz harago, dena den, Bilboko Udalak prostituzioan ari direnei «sozialki laguntza» ematen diela adierazi du Azkunak. Edonola ere, araudia «biguna, baina eraginkorra» dela deritzo.

«Udalak egin dezakeen bakarra kalean gertatzen dena arautzea da, kalea Udalaren eskumena baita, eta ezin dugu utzi prostituzioa kalean modu txarrean lasai ibil dadin», adierazi du Azkunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.