Joan den ostiralean, akordiorik gabe altxatu ziren bi aldeak negoziazio mahaitik, eta, gaur, greba mugagabea abiatu dute langileek; ostiralera arte iraungo du gutxienez, orduan bilduko baitira berriro sindikatuak eta Bizkaiko Foru Aldundia. ELA, LAB, UGT, CCOO eta LSB sindikatuek deitu dute protestara.
Diputazioko iturriek jakinarazi dutenez, istiluak izan dira gutxieneko zerbitzuak abiatzerakoan, Berriatuan autobusen irteera oztopatu baitute, eta Lemoan ere arazoak izan dira. Halaber, kristal bat hautsi dute harri bat jaurtita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, berriz, jakinarazi du piketeak izan direla autobus tokien inguruetan baina ez dela liskarrik izan.
Ostiralera arte ez da bilerarik espero sindikatuen eta diputazioaren artean. Aurreko lanuzteetan egin bezala, langileek protesta egin dute Bilboko erdialdean, diputazioari eskatzeko lanpostuak mantentzeko "egiazko" konpromisoa har dezala.
Foru Aldundiak martxan jarri nahi duen aldaketarekin linea gutxiago izango ditu zerbitzuak, baina lanpostu guztiak mantenduko diren konpromisoa ziurtatu nahi dute langileek. Ostiralean aurkeztu zuen foru aldundiak 2013ko urrian zeuden lanpostu guztiak bermatzeko konpromisoa. Horrez gain, ordea, dokumentuan zehazten da lanpostuak mantentzea zerbitzua eskaintzen duten enpresekin hitzartu beharko dela. Horrek eragin zuen sindikatuen ezetza, konpromiso hori orain nahi dutelako. Iñaki San Andres ELA sindikatuko ordezkariak azaldu zuen ezetzaren zergatia: “Gaur egun iaz sinatutakoa betetzen ez badute, nork ziurtatuko digu orain esandakoa etorkizunean beteko dutela?”.
Luze dirau gatazkak. Iazko irailean abiatu zituzten langileek protestak, aldundiak zerbitzu berrirako 89 linea aurreikusi zituenean, egun baino gutxiago. Egokitzapenarekin 300 lanpostu galduko zirela salatu zuten sindikatuek, baina iazko urriaren 4an akordioa lortu zuten aldundiarekin, eta adostutakoa betetzen zela ziurtatzeko batzorde misto bat ere eratu zuten. Aurtengo irailean, ordea, berriro piztu ziren alarmak, aldundiak zerbitzu berriaren esleipenak onartu zituenean. Sindikatuek “zehaztasun falta” leporatu zioten, eta protestei hasiera eman zieten berriro. Urriaren 6tik bederatzi greba egin dituzte.
Epe luzeko koska
Epe laburrean enplegua bermatuta dago. Hala baieztatu dute aldundiak eta enpresek, eta hala onartzen dute sindikatuek ere. Baina hamar urteko epea dute esleipenek, eta hor dago koska, langileen ustez. Linea kopurua murriztean lan gabe geratuko diren gidariak zerbitzua hobetzeko postuetara eramango dituztela ziurtatu nahi dute. Eta horixe adostu nahi dute negoziazioetan.
Aldundiak behin eta berriz adierazi du langile guztien subrogazioa hitzartuta dagoela eta ez dituela sindikatuen protestak ulertzen. Azken astean, “jarrerak hurbildu” zituztela zirudien, baina azkenean gaur hasiko da greba mugagabea. Lehenengo eguna, gainera, Gernika-Lumoko azken asteleheneko azokarekin batera izango da. Milaka izaten dira egun horretan Bizkaibusen zerbitzua erabiltzen dutenak, eta %30eko gutxieneko zerbitzuak aurreikusi badituzte ere, litekeena da auto-ilarak izatea. Euskotrenek, berriz, zerbitzu berezia jarriko du martxan, Gernika-Lumora joan eta itzuli ahal izateko.