Palestinarekin Elkartasuna ekimenean parte hartzen duten eragileek deituta, protesta jendetsuak egin dira gaur Palestinari elkartasuna erakusteko. Maulen eta Hendaian goiz eta eguerdian egin dituzte mobilizazioak. iruñean, Bilbon eta Gasteizen, arratsaldean.
«Palestinarekiko elkartasun olde hau geldiezina da eta Euskal Herrian», adierazi dute antolatzaileek. Aditzera eman dutenez, estatu sionistaren «desegitea» eskatzea, eta Palestinan egiten ari diren «genozidioaren» inguruan gobernu eta erakundeek duten «konplizitatea» salatzea, biak dira segida handiko aldarriak. Hori nabarmentzeko, urriaren 28an aldarri horien inguruan Bilbon egin zuten manifestazioa oso arrakastatsua izan zela gogoratu dute.
«Palestina libre izango da, edo ez da izango», aldarrikatu dute manifestaziorako deia egiteko zabaldu duten oharrean. Egoera gero gordinagoa dela esan dute: «Palestinako egoera egunetik egunera gogorragoa eta latzagoa da. Estatu sionistak ez ditu Gazaren aurkako bonbardaketak eteten eta blokeo krudela sakontzen du«. Eta horren gaineko isiltasuna salatu dute, areago Israel jasotzen ari den babesa: «Mendebaldeko gobernuek Israelgo estatu sionista egiten ari den genozidioa militarki, ekonomikoki eta politikoki babesten jarraitzen dute. Mendebaldeko gobernuak estatu genozida baten babesle eta konplize bihurtzen dira horrela».
Kalera irteteko deia horregatik egin dute. «Testuinguru honetan, argi dago mobilizazio ziklo honi segida eman behar diogula, herri palestinarraren aldeko elkartasuna hedatzeko eta Mendebaldeko estatu, espresa eta instituzioei presio egiteko sionismoa babestu ez dezaten».