Hona hemen, aurrerapen gisa, Arkaitz Fullaondo eta Txoli Mateosen esan batzuk:
- Mateos: "Independentziak, nolabait, atzean Euskal Herriaren askatasuna du, eta kontzeptu zehazgabeagoa da; beti aukera abertzaleei lotu zaie. Euskal estatuaz galdetzen denean, berriz, herritarrei irudikapen ariketa bat egitea eskatzen zaie, etorkizuna apur bat aurreikustea eta ezaugarri objektiboagoei buruz hitz egitea. Posible da independentziari buruz zalantzan dagoen herritar bat estatuaren alde egotea".
- Fullaondo: "Euskal gizartean badago multzo bat prozesua egon ala ez euskal estatuaren aldekoa dena, eta, estatu bat sortzeko benetako aukera ikusten denean, prozesua martxan dagoenean, estatu berri horren aldeko hautuak gora egiten du".
- Mateos: "Hemengo enpresaburuek euskal estatu batekin ekonomikoki ez dute aurreikusten aldaketarik eta trabarik. Gatazka politikoa sortzea da saihestu nahi dutena da; zentzu politikoan ez dute abenturarik nahi Espainiako Estatuak ez badu nahi akordioa eta ez badu uzten erreferendum bat egitea".
- Fullaondo: "Hego Euskal Herrian Espainiaren aldean hobeto bizi garen ideia oso indartsua da euskal estatuaren alde ez ekiteko. Espainiak ez ezik, abertzaleen parte batek erabili egiten du ideia hori, esanez bezala ondo bizi bagara zertarako nahi dugun independentzia".