Oier Zuñega. 'Gazte 1 + ez!' ekimeneko kidea

«Prozesua abiatu da Euskal Herrian, eta onartezinak dira halako epaiketa politikoak»

Azken lau urteetan gazteen kontrako operazioetan atxilotutakoak batu egin dira. Herritar guztien eskubide guztiak bermatzeko herri harresia sortu behar dela diote, eta hura eratzen saiatuko dira.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
2011ko ekainaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Itxialdia egiten hasi dira Gazte 1+ez! ekimeneko kideak, «gazteen aurkako jazarpena» salatzeko. EHUren Donostiako Ibaetako campusean daude, eta han egongo dira ostiralera arte. Hainbat ekimen egingo dituzte astean zehar, eta larunbatean ekitaldia eta festa egingo dituzte Usurbilen. Oier Zuñega ekimen horretako kide da, eta gazteen kontrako polizia operazio gehiago egon ez daitezen herritarrak mugitzea ezinbestekoa dela dio. «Euskal gazteria aktiboa jotzeko» eginahalean ikusten ditu Espainiako eta Frantziako gobernuak, «gazte konprometituak, kritikoak eta autokritikoak kalean eta lanean izatea ez zaielako komeni».

Nork osatzen duzue Gazte 1+ez! ekimena?

Azken urteetan atxilotu, torturatu eta espetxeratutako hainbat gaztek osatzen dugu. Baita hainbat auzitan inputatuak gauden gazteok ere, eta horiei gehitu behar zaizkie inkomunikazio aldietan beste kide eta lagun batzuei kolpez ateratako izen zerrendetan, zerrenda beltzak deiturikoetan daudenak.

Zertarako batu zarete?

Gure helburua, izenak berak esaten duen moduan, gazte bat gehiago atxilotua, torturatua edo jazarria izan ez dadin harresia eraikitzea da. Plataforma hau sarekada guztien aterki orokorra izatea nahi dugu, uste baitugu ez direla sarekada edo atxiloketa bereiziak izan, baizik eta Espainiako Estatuaren eta Frantziakoaren estrategia errepresibo orokor eta integral baten barruan gertatu direla. Gure erantzunak ere bateratua eta integrala izan behar du.

Epaiketak datoz laster, eta orain arteko epaiketetan zigorrak izan dira gehienbat. Norabide aldaketarik espero al duzue oraingoan?

Arriskutsua iruditzen zaigu horrelako iragarpenak egiten ausartzea. Guk uste dugu epaiketa hauen guztien atzean arrazoi politikoak daudela eta sententziak ere erabaki politikoak direla. Ez dira juridikoki hartutako erabakiak, baizik etazenbait politikarik hainbat bulegotan aurrez hartzen dituzten erabakiak dira. Egia esan, oraingoz ez dugu espero aldaketa handirik, baina beharrezkoa litzateke estatuek hausnarketa hori bideratzea, prozesu bat abiatu delako Euskal Herrian eta onartezinak direlako horrelako epaiketa politikoak. Horrenbestez, estatuetako agente politikoei dagokie hausnarketa hau egitea eta erabakitzea aldaketarik gertatuko den.

Zer egin daiteke hau geldiarazteko?

Zaila da esatea. Baina uste dugu herri harresi bat eraiki behar dela eskubide zibil eta demokratikoen alde, herritar guztientzat eta Euskal Herri osoan. Horretan gizarteko banakoek eta kolektiboek gauza asko egin ditzakegu. Lehena da egiten dituzten eskubide urratze hauek zabaltzea eta konpartitzea. Eta bigarrena salatzea da, kalean salatzea, lantokietan salatzea eta gure eremu sozialetan salatzea, eta, horrela, herri harresi hori eraiki eta iritzi herritar eta sozial bat plazaratu, auzien kontrako oihartzuna plazaratu.

Herri harresi hori sortzeko aurreneko harria izango al dira aste honetako itxialdia eta larunbateko ekitaldia? Zein helburu duzue?

Bi ekimen hauetan bi helburu ditugu. Bat da gure dinamikari eta iniziatibari lehen abiapuntua jartzea, eta, zalantzarik gabe, aipatzen dugun herri harresi hori eraikitzeko bidean, tresnak, espazioak eta aldarrikapenerako lekuak sortzen hastea eta, azken finean, gai hau eta arazo hau eztabaidaren mahai gainean jartzea. Noski, itxialdia aldarrikapenerako eta salaketarako ekimen eta espazioa izango da. Gonbita egiten diogu mundu guztiari bertaratzeko eta egoera honen salaketa egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.