Herri libre bat ezin liteke pertsona zapalduen gainean eraiki; horregatik dugu helburu Euskal Herri burujabea, sozialista, euskalduna eta feminista», Miren Legorburuezker abertzaleko kidearen hitzetan. Feminista hitzari eman zitzaion garrantzia herenegun Hazparnen antolatu hitzaldian. Nola eraiki Euskal Herri feminista hori? Abiatua den bake prozesuan zer heinetaraino da agertzen emakume eta gizonen arteko berdintasuna? Zer-nola txertaturik dago edo egon beharko litzateke feminismoaren aldarria konponbidearen bidean egindako urratsetan?Eihartzea eta Emazteek Diote elkarteek gomitaturik, horretaz hitz egiten egon ziren Legorburu, Maite Goihenetxe eta Ixabel Etxeberria ezker abertzaleko kideak eta Miren Aranguren Bilgune Feministako kidea, Arantxa Idieder Euskal Irratietako kazetaria zutela solasaldiaren animatzaile.
Prozesu honetan giltza herritarrek dutela azpimarratu zuten guztiek, eta, hari horri jarraikiz, emazteei eman behar zaien tokia ezinbestekotzat jo zuten. «Dena egin behar dugu prozesu hori bururaino joan dadin; hori gure esku da, gizon eta emazte, herriaren esku da», Goihenetxeren hitzetan.
Are gehiago, «hitza benetan herriarena izateko mekanismoak sortu behar dira, eta dagoen desoreka amaitzeko neurri bereziak ere hartu behar dira», Arangurenen ustez. Prozesua hasi denetik, kameren aitzinean edota atzean egindako urratsei begira egon eta ondorio gisa hori atera zen; emazte anitz dabil lanean, baina emandako pauso aipagarrietan gizonak dira nagusi. Aieteko bake konferentzian edota Amaiur koalizioak lortu diputatuen artean emazte urriegi izatea deitoratu zuten. «Begirale lana» ere egin beharra dagoela uste du Arangurenek, «Aietekoaren gisako irudi bat berriz agertzen baldin bada gure desadostasuna erakusteko».
Oztopo andana bat bidean
«Zergatik ez den emazte gehiago ageri politikan? Hori arazo unibertsala da», zioen Etxeberriak. Eta hori esplikatzeko hamaika arrazoi badira ere, nagusia da oso erroturik dagoela generoaren araberako ardura banaketa: «Sistema osoak horrela hezi gaitu; milaka urteko antolaketa era dago atzean», Legorbururen hitzetan. Ardura politikoak hartzeak «antolaketa aldetik indar handiak eskatzen ditu, oraindik familia emaztearen esku gelditzen delako», Etxeberriak zioenez. Bestalde, emakumeak bidean aurkitzen dituen trabak ere gaitzetsi zituzten. Haratago joan zen Aranguren: «Nik ez ditut emakumeak nahi botere guneetan; nik feministak nahi ditut».
Nolabait agerian diren postuetara emazteei joatea proposatzen bazaie ere maiz emazteak berak errefusatzen duela zioen Legorburuk: «Emakumeak dio ez duela horrentzat balio; gizonak, berriz, ezetz, lanpetuta dagoela». Nolabait, emakumeak bere buruari jartzen dizkion mugak edo trabak ere agerian utzi zituen. Ideia hori azpimarratu zuen Arangurenek ere: «Gure eskubideen jabe ez garenean, iruditzen zaigu gure hitzak eta iritziak ez dutela garrantzirik; mailaketa horiek puskatu behar ditugu».
Ipar Euskal Herriari doakionez, feminismoaren aldarriak 80ko hamarkadan presentzia handia zuen, baina bigarren mailako bihurtu zela azaldu zuen Etxeberriak: «Feminismoari buruzko eztabaidak desagertuz joan ziren, beste lehentasun batzuk aurkitu genituelako». Ikastolen eraikitze lana eta GALen garai gogorrak eman zituen adibidetzat. Gaur egun, bortizkeria sexistaren gisako arazo larriak eta belaunaldi berriek dituzten aldarriak direla-eta mugimendua «berriz pizten» ari dela zioen. Dena dela, azpimarratu zuten asko lortu dutela gizon eta emakumeen parekidetasunari begira, nahiz anitz izan egiteko. Arangureneke azaldu zuen Bilgune Feministak prozesuan parte hartzeko «apustua» egin zuela ikuspegi feminista konponbidean txertatua izan dadin. «Guk badakigu prozesu honek ez duela, seguruenik, sistema patriarkala suntsituko, baina iruditzen zaigu, ezinbestez, emakumeon zapalkuntza aitortu behar duela eta etorkizunean interes konfrontazio horiei aterabide bat ekartzeko ateak ireki behar dituela», Arangurenen hitzetan.
Prozesua, emakumeen begietarik
Euskal Herrian abiaturiko bake prozesuan emakumeek duten tokiaz hitz egiten egon dira Hazparnen, Miren Legorburu, Ixabel Etxeberria Miren Aranguren eta Maite Goihenetxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu