Prozesua irmoa izan dadin oraindik lan asko egin behar dela adierazi du Ibarretxe lehendakariak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, baina hala ere, "atzeraezina" dela sinetsita dagoela nabarmendu du. "Uste dut bake prozesua atzeraezina dela. Denon lana oso garrantzitsua izango da, landu egin behar dugu bide hori, prozesu hori, baina atzeraezina da", esan du.
08:30etan elkarrizketatu dute Ibarretxe Euskadi Irratian, eta handik ordubetera, 09:30etan Arnaldo Otegi Batasuneko buruzagia Radio Euskadin. Bigarren horri lehendakariak prozesuaren atzeraezintasunari buruz esandakoaren inguruan galdetu diote, baina ez da hain baikor agertu. Otegiren iduriko, zenbait berme jarri behar dira oraindik atzera bueltarik ez dagoela esateko: bereziki, euskal herritarrei hitza emango zaiela eta haien erabakia errespetatuko dela bermatzea.
"Prozesua atzeraezina izango da, batik bat, indar politikook egoera hau aprobetxatzeko adinako ardura badaukagu, eta oinarri sendoetatik abiatuta alderdi askoren arteko elkarrizketari ekiten badiogu, etaherri honek egiten duen eskaera demokratiko bati erantzuten badiogu: hau da, guztiak asetzeko moduko joko-zelai bat eratzea. Horrek zer esan nahi du? Proiektu politiko guztiak guazatzeko ahalmena izan beharko litzatekeela herritarrek askatasunez eta demokratikokiadierazitako borondateak hala eskatuz gero. Guri prozesu honetan atzera bueltarik gabekoa iruditzen zaiguna da aldaketa politiko bat egongo dela, marko juridiko-politiko berri bat eraikiko dela, eta marko horren oinarria euskal herritarren borondatearen errespetua izango dela. Hori da herri honek behar duen aldaketa atzeraezina, eta hori gertatzen bada gatazka amaitu egingo da", adierazi du Otegik.
Ildo horretatik, une honetan aurrera egiteko lehentasuna alderdien arteko elkarrizketa mahaia abian jartzea dela nabarmendu du Batasuneko buruzagiak, eta jada"aitzakiarik" ez dagoela luzapenetan ibiltzeko. Alderdi batzuk "luzatze taktikak" erabiltzen ari direla erantsi du.
Gatazka
Prozesuak atzera bueltarik ez duela uste du Ibarretxek; hala izan dadin erabakitzeko eskubidea bermatu behar dela erantzun dio Otegik
Bake prozesua abian dela eta atzera bueltarik ez duela uste du Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak. Arnaldo Otegi Batasuneko buruzagia, berriz, ez da hain baikor agertu, eta prozesua atzeraezina izan dadin euskal herritarrek beren borondatea askatasunez eta demokrazian adierazteko aukera eta errespetatua izango den bermea behar dutela iritzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu