Agertoki politiko berriarekin zer egingo duen argitu ez duen arren, PSE-EEko agintariek asteon egin dituzten adierazpen eta proposamenek alderdi sozialista jarri dute Sorturen legeztatzeari buruzko eztabaidaren erdian eta PPren eta EAJren jo puntuan. PP ez da sozialisten jarrerarekin fidatzen, eta alderdi jeltzaleak «argitzeko» eskatu die. Ezker abertzaleak, berriz, «positibotzat» jo du Patxi Lopezek Sorturen legeztatzeari buruz esandakoak, eta haren jarreran «aldaketa» nabari duela nabarmendu du.
Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak aste honetan egindako adierazpenenen ondoren, herenegun gauean eztabaida berri bat piztu zuten sozialistek. Berri agentziek PPren iturriak aipatuz zabaldu zuten PSE-EE eta PPren arteko gobernu akordioa «arriskuan» egon zitekeela. Iragarpen horren atzean, Sorturi buruz PSE-EEk egun horretan Eusko Legebiltzarrean erregistratutako legez besteko proposamen bat zegoen.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko eledunak erregistratu zuen proposamena; besteak beste, ezker abertzaleak indarkeria errefusatu duela eta, PSE-EEk legebiltzarrari eskatu nahi zion jarrera hori txalotzeko, adierazpen baten bidez. Antza denez, PPn ez zuten proposamenaren berri, eta horrek haserrea eragin zuen alderdi horretako buruzagien artean.
Haserreak, baina, ordu gutxi iraun zuen. Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak jakinarazi duenez, bere alderdiak agertutako kexaren ondoren, sozialisten deia jaso zuten, ekimena berriro aztertu eta erretiratzea erabaki zutela esateko.
Sozialistek beren proposamena jeltzaleek berea aurkeztu aurretik erregistratu zuten. Edukiz ezberdinak diren arren, jeltzaleek gogor kritikatu dute sozialisten jarrera. Uste dute proposamen horren bidez arreta erakarri nahi izan dutela.
Sozialistek, halere, ez dute proposamena atzera botako. «PPk eskatuta» eztabaida «atzeratzea» erabaki dutela adierazi dute. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak azaldu duenez, proposamena atzeratzeko erabakia ez dute hartu gobernu akordioa arriskuan zegoelako, «alderdi demokratikoen artean» eztabaida piztu nahi ez dutelako baizik.
Eusko Legebiltzarrean eginiko agerraldi batean, Jose Antonio Pastor PSE-EEko eledunak berretsi du sozialistek ekimena atzeratu egin dutela, baina gaineratu du ez dutela bertan behera utzi. Azaldu duenez, EAEko PPrekin adostasuna lortzen saiatuko dira proposamen horren inguruan.
Iñaki Oiarzabal EAEko PPren idazkari nagusiak, baina, zail ikusten du gai horren inguruan akordioa egitea, eta oharra bidali dio PSE-EEri. «Orain arteko politikak emaitzak eman baditu ez dago hori zertan aldatu». Madrildik, Soraya Saenz de Santamaria PPren bozeramaileak «nahasmena sortzeari» utz diezaioten eskatu die sozialistei. Saenz de Santamariaren arabera, egoera politikoa edozein izanda ere, bi alderdiek EAEn duten hitzarmena defendatzea da «oinarrizkoena».
Protagonismo bila
EAJren buruzagiek gogor kritikatu dute PSE-EEren eta PPren arteko azken ika-mika. Iñigo Urkullu EAJko presidentek «zirkutzat» jo du bi alderdien artean sortutako eztabaida. «Zirku horrek pista bakarra izan beharrean, hainbat pista eta hainbat aktore ditu», nabarmendu du.
Urkulluk gogorarazi du EAJk Sorturen legeztapenari buruzko legez besteko proposamen bat aurkeztezko asmoa iragarri zuela duela egun batzuk. Hori hala, Urkulluk uste du horri «aurre hartzeko» piztu dutela eztabaida PSE-EEk eta PPk.
Izan ere, atzo bertan, erregistratu zuen alderdi jeltzaleak bere proposamena. Bertan, Eusko Jaurlaritzari eta, bereziki, Patxi Lopezi eskatzen dio Sorturen legeztatzearen aldeko jarrera agertzeko.
Joseba Egibar eledun jeltzalearen irudiko, PSE-EEren «nora ezaren» erakusle da atzo gertaturikoa. Egibarrek uste du sozialistak «urduri» daudela sortu den agertoki politiko berriarekin, eta horregatik jokatu dutela horrela.Era berean, gobernu sozialistaren politika PPk ezartzen duela salatu du.
Juanjo Agirrezabala EAko Legebiltzarreko bozeramaileak, berriz, sozialistei eskatu die «ausartak» izateko. Baina Egibarrek bezala, Agirrezabalak ere uste du PSE-EEk ekimen propiorik ez duela. «Aurkeztu eta atzeratu egin duten ekimen honekin zera erakutsi dute sozialistek: Euskal Herriko normalizazioa lortzeko politika propiorik ez dutela».
Mikel Arana EBren eledunaren iritziz, sozialistek «erridikulua» egin dute, eta nabarmendu du PSE-EEren «helburu bakarra» botereri eustea dela.
Ezker abertzalea, baikor
Atzo sortutako eztabaidaz haratago, asteotako adierazpenen irakurketa baikorra egin du ezker abertzaleak. Patxi Lopezek jarrera aldatu duela nabarmendu du Marian Beitialarrangoitia hautetsi independentistak: «Lehen aldiz Sortu legeztatzearen aldeko hitzak izan ditu. Positiboa da hori. Hala ere, Lopezek gehiago egin dezake».
Beitialarrangoitiaren arabera, agenda politikoa baldintzatzen ari da ezker abertzalea, eta alderdi politiko batzuetako buruzagiak ohartu dira horretaz. Hori hala, orain arte izan duten «jarrera immobilistari» eustea ezinezkoa izango zaiela nabarmendu du.Era berean, «herri honetan martxan dagoen mugimenduak» atzera bueltarik ez duela adierazi du Beitialarrangoitiak.
PSE-EEk «atzeratu» egin du Sorturi buruzko adierazpena, PPk eskatuta
Ezker abertzalearen jarrera aintzat hartzeko proposamenak PPren haserrea eragin du, eta atzera bota dute sozialistekSorturen legeztatzearen alde ager dadin eskatuko dio EAJk Patxi Lopezi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu