Asteartean Bilduk, asteazkenean EAJk, eta atzo PSE-EEk. Gasteizko autobus geltokiaren kokalekuaren inguruan galdeketa bat egitea proposatu zuen Bilduk asteartean, eta asmo horrekin bat egin zuen atzo Patxi Lazkoz PSE-EEko zinegotziak. Udal gobernua zuzentzen du PPk, eta alderdi horrek galdeketaren aurkako jarrera agertu zuen asteartean. Autobus geltokiaren eraikuntza atzeratzea leporatu zion Lazkozek Javier Maroto alkateari, eta Euskaltzaindia Plaza Bizia plataformako kideekin bilera bat egitea proposatu zion. Geltokia plaza horretan eraikitzeko asmoa du PPk.
Bestalde, Donostiako Udalak agindu du «ahal bezain azkar» eraikiko duela Atotxako autobus geltokia. Atotxan egitearen alde bozkatu zuten herenegungo udalbatzan PSE-EEk, EAJk eta PPk; Bilduko zinegotzi Ricardo Burutaranek adierazi duenez, kokapenik egokiena Loiolako Erribera dela pentsatzen jarraitzen du udal gobernuak, baina udalbatzan erabakitakoa onartuko du, «Donostiak ez ditzan beste hogei urte igaro autobus geltokirik gabe».
Nolanahi ere, Burutaranek argitu du Espainiako Sustapen Ministerioak zenbait izapide egin behar dituela lanak egiten hasi aurretik eta horien zain dagoela udal gobernua.
PSE-EEk ere Gasteizko autobus geltokiaz galdetzea babestu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu