Hauteskundeak

PSE-EEk hasi du prozesua lehendakarigaia hautatzeko

Anduezak esan du lehendakari izatea duela «anbizioa». EAJk eta EH Bilduk Espainiako gobernuburuaren inbestiduran dute arreta.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak hitzaldia eman du gaur, Bilboko Nueva Economia foroan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko urriaren 9a
17:26
Entzun

Datorren urterako aurreikusita daude Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta PSE-EEk martxan jarri du lehendakarigaia hautatzeko prozesua. Etzitik urriaren 18ra bitartean, bermeak jasoko dituzte. Hautagai bat baino gehiago aurkeztuz gero, hauteskunde primarioak urriaren 29an egingo dituzte; bigarren itzulia behar izanez gero, azaroaren 5ean egingo dute.
PSE-EEren arabera, hauteskundeak «oso garrantzitsuak» izango dira, maiatzeko udal eta foru bozetan eta uztaileko Espainiako Gorteetarakoen emaitza «oso onak» lortu ondoren.

Bilboko Nueva Economia foroan, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak berretsi du prest dagoela lehendakarigai izateko. Haren ustez, sozialisten ereduak erantzungo die ondoena gizartearen beharrei: «Askok EAJren eta EH Bilduren arteko lehia moduan irudikatu nahi dituzte hauteskundeak, baina hori erredukzionismoa egitea da, eta ez du aintzat hartzen errealitate politikoa, ezta soziala ere». Bere asmoa argi utzi du: «PSE-EEk ez du [EAJren eta EH Bilduren arteko] balantza makurtuko: uste dut PSE-EEk gidatu egingo duela herri hau; nire anbizioa Euskadiko lehendakaria izatea da».

Argitzeko dago nortzuk izango diren EAJren eta EH Bilduren hautagaiak. Hainbatetan adierazi dutenez, Espainiako gobernuburuarem inbestidurarako negoziazioak dira orain lehentasuna, eta horren ostean abiatuko dituzte barne prozesuak lehendakarigaiak zehazteko. PPk, berriz, joan den astean iragarri zuen Javier de Andres izango dutela hautagaia.

«Euskara ez da katalana»

Anduezak hizpide izan du Hezkuntza Legea ere. Hizkuntzen ereduei erreferentzia eginez, Kataluniako murgiltze eredua baztertu du: «Euskadi ez da Katalunia, PSE-EE ez da PSC, eta euskara ez da katalana». Eredu «elebakarra» baztertu du, arrazoiturik gurasoek aukera izan behar dutela seme-alaben hezkuntzan egokiena izango den eredua aukeratzeko. Eta adierazi du «okerra» dela hizkuntzen auzian jartzea arreta: «Horren ondorioz, eztabaidan ibiltzen gara euskal abertzaletasunari eta independentismoari bakarrik interesatzen zaizkien identitate gaiei buruz».

Hezkuntza Legea dela eta, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak PSE-EEren jarrera kritikatu du gaur goizean, Radio Euskadin. PPk eta Voxek Balear Uharteetan duten jarrera bera izatea egotzi die sozialistei, eta gai ez izatea PSCk Katalunian duen jarrera defendatzeko. «Zeinek nahi du Euskal Herria elebakarra izatea? Izan ere, euskaraz hitz egiten dugun guztiok elebidunak gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.