PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak eman du bere alderdiaren Batzorde Eragilearen azterketaren berri, joan den igandeko hauteskundeen emaitzen inguruan. Esan duenez, PSE-EE "sendotu" egin da bere "esparru politikoan, nazionalismo guztietatik urrun", eta kezka azaldu du "muturreko jarrerek" bozetan izan duten gorakada dela eta.
Alde batetik, "ultraeskuinari gobernabidearen atea zabaldu, zuritu eta haien jarrerak bere egin dituztenei" egotzi die Voxen gorakada: "Muturreko eskuina eskuinetatik dator; PSOEk ez du erantzukizunik haren gorakadan", esan du. Baina, era berean, nabarmendu du "beste muturra" ere hazi egin dela hauteskundeetan, "Katalunian eta Euskadin". "Bi muturrek elkarren beharra dute, elkar elikatzen dute", esan du.
Mendiaren arabera, EAJ hazi egin da "PPk bereganatu ez duen boto kontserbadoreari esker", eta EH Bilduk, berriz, aurrera egin du Elkarrekin Podemosen boto emaileak erakarrita: "Elkarrekin Podemosek nazionalismorantz jotzen du, eta konturatu behar du esparru horretan eskaintzak ugariak direla euskal panorama politikoan".
Aurrera begirako zereginak zerrendatu ditu: Eusko Jaurlaritzak aurkezturiko aurrekontuen negoziazioa, eta adituen taldeak laster plazaratuko duen txostena EAEko autogobernua berriztatzeko egitasmoan. Azken horri dagokionez, Mendiak gogora ekarri du hura "txosten teknikoa" izango dela, eta aurkeztu ostean "alderdien garaia" izango dela "zuzenketak aurkezteko eta adostasunak lortzeko". "Gu adi egongo gara, eta ongi aztertuko dugu ikusteko ea testua onartutako oinarrietatik aldentzen den, legea gainditzen duen pasarterik ote duen, eta herritarren arteko bereizkerian tematzen ote den", esan du.
Hala gertatuko balitz, horrek "beste muturraren jarrerak" indar zitzakeela ohartarazi du Mendiak: "Gu ez gara bi muturren arteko sokatiran arituko", iragarri du.
Elkarrekin Podemos: "Albiste txarra"
Elkarrekin Podemosek ere emaitzen inguruko iritzia azaldu du, eta, haien bozeramaile Lander Martinezek esan duenez, "kezkatuta" daude Voxen gorakada dela eta: "Albiste txarra da faxistek, matxistek, arrazistek eta Estatuak oinarri dituen gutxieneko adostasun demokratikoak errespetatzen ez dituztenek 50 ordezkari baino gehiago izatea".
Horren kontrako soluziobide gisa, "demokrazia inklusiboagoaren alde" lan egitera deitu du Martinezek: "Polarizatu beharrean, bizikidetzaren aldeko apustua egiten dugu", esan du, eta erantsi du nazio aniztasuna "pitzadurarik gabe" defendatuko dutela.