Jose Luis Lopez de Lacalle kazetari eta idazlea izan dute gogoan gaur, Andoainen, Gipuzkoan, ETAk hil zuela 25 urte bete diren egunean. Mari Paz Artolazabal alarguna eta Alain Lopez de Lacalle semea omenaldira joan direnen besarkadak jasoz joan dira, ekitaldia hasterako. Urtez urte beraiekin egon direnei eman dizkie eskerrak sendiak, «bihotz-bihotzez».
Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak ez du huts egin nahi izan, eta ekitaldian izan da. Maider Lainez Andoaingo alkate ohi eta PSE-EEko legebiltzarkidearekin batera iritsi da omenaldia egitekoa zen lekura, Lacalleren omenezko monolitoaren ingurura. Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzako Biktimen Bulegoko zuzendari ohi eta Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibila izandakoaren alarguna ere bertan izan da. ETAk hil zuela 25 urte beteko dira aurtengo uztailean. Alderdi sozialistako beste hainbat ordezkariren eta dozenaka herritarren babesean egin dute ekitaldia.
Lainezek hartu du hitza, eta eskatu du Lacalle «irribarre» batekin gogoratzeko. «Egun gogorra eta intentsoa da». Gogoratu du hark gustuko zuela diferente pentsatzen zutenekin eztabaidatzea. Pentsatzen zuena «jendaurrean esateagatik» hil zutela gehitu du. Frankismoan bost urte eta erdi egin zituen kartzelan, eta gogoratu du esaten zuela «bi erregimenetan» bizi izan zela: «Francorenean eta ETArenean». «Askatasunaren aldeko defendatzaile sutsu» gisa definitu du.
Bi ideia azpimarratu nahi izan ditu gertatutakoa gogoan hartuta. Batetik, gazteei «gertatutakoa kontatu» behar zaiela azpimarratu du. «Nahi nuke terrorismoak eragin duen min guztiaren berri izatea gazteek, berriz gerta ez dadin». Mezu hori gorrototik aldenduta helarazteko eskatu zuen, «tolerantzia eta bizikidetza» sustatuta. «Ezin dugu memorian aurrera egin terrorismoak zer egin duen jakin gabe; ezin da zuritu, batzuek nahi duten moduan».
Bide horretan, ezker abertzalea zuzenean aipatu gabe, haiei egin die erreferentzia, Aritz Otxandianoren etxearen aurka apirilaren 22an bengalekin egindako erasoa hizpidera ekarrita. «Energia berriztagarrien inguruan ezberdin pentsatzeagatik eraso egiten dietela salatzen duten horiek deshumanizazioaz dihardute. Eta nola ez dira harago joaten? Guri ere gustatuko zitzaigun haiek ere gure alboan egotea ezberdin pentsatzeagatik hiltzen zutenean». Hori esanda, eraso guztiak gaitzesten dituztela gaineratu du, eta defendatu du ideiei ideiekin egin behar zaiela aurre.
Ezker abertzalearentzat beste mezu bat ere izan du, haiek zuzenean aipatu gabe: «Batzuek argi esan behar dute inoiz ez zela inor hil behar, eta ez zuela sekula gertatu behar».
Minutu bateko isilunearekin amaitu da ekitaldia. Amaieran, ezker ukabila altxatuta ohore keinua egin du gizonezko batek, monolitora gerturatuta. Lacalle alderdi komunistako kide izan zen gaztetan, eta CCOOren sortzaileetako bat. Ezker Batuan egon zen, eta IU utzita PSEko zerrendetan aurkeztu zen gero, independente gisa. Ermuko Foroaren sortzailetako bat izan zen.