PSE-EEren programa «gidari» izango duen gobernu akordio bat nahi du Anduezak

PSE-EEren zuzendaritzak bilkura egin du, eta emaitzak «arrakasta borobiltzat» jo.

PSE-EEren zuzendaritza bilkura, atzo. AMAYA DIAZ EMPARANZA
PSE-EEren zuzendaritza bilkura, atzo. AMAYA DIAZ EMPARANZA
Isabel Jaurena.
2024ko apirilaren 22a
19:10
Entzun

«Politika egiteko modu baten arrakasta borobila». Horrela definitu ditu PSE-EEko zuzendaritzak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan izandako emaitzak: 150.000 boto, eta hamabi eserleku. Boto horiekin orain arte proposatutakoa eginen dutela zehaztu du gaur arratsaldean Eneko Andueza idazkari nagusiak, eta EAJrekin gobernu itun bat lortzeko lan eginen duela: «Aurrera begira joan gara, guztiek zekiten zein zen gure bide orria, gure asmoa, eta, beraz, orain konfiantza eman diguten guztien bermea dugu. Gure printzipioak eta programa gidari izango dituen gobernu akordio bat lortzeko lan egingo dugu, eta erakundeetan, bereziki Eusko Jaurlaritzan, dugun ordezkaritza gure botoen argitasun eta sendotasunarekin islatzeko».

Ohar bidez egin dituzte adierazpen horiek, PSE-EEren zuzendaritzaren bilkuraren ostean. Sozialistek azpimarratu dute «arrakasta» lortu dutela «indar nazionalisten arteko polarizazio handiko giroan, eta gobernukidearen higadura nabarmena den honetan», EAJri erreferentzia eginez.

Alde horretatik, Anduezak erran du hautesleekin «konektatzen» asmatu dutela, politika eredu jakin bat nahi duten horiekin: «Politika geldoago bat, arazoak konpontzea helburu duena, konponbideak planteatzen dituena eta erronkei aurre eginen diena». Azaldu du «politika progresistek, trantsizio energetikoak, berdintasunak, etxebizitza eskubideak, eta lanbide duin bat izateak» irabazi dituztela hauteskundeak; herritarrek sozialisten aldeko hautua egin dutelako etorkizun hobeago bat «defendatzeko». Nabarmendu dute herritarrek ulertu dutela PSE-EE «aniztasunaren, egonkortasunaren eta kudeaketa onaren bermea» dela.

Goizean ere gobernu itunaz mintzatu da Andueza, eta erran du Jaurlaritzan «presentzia handia» izan beharko dutela sozialistek: «Pisu espezifikoa izan behar dugu, batez ere politika aurrerakoiak bermatuta egon daitezen, eta, jakina, kudeaketa ona nagusitu dadin». Hortaz, EAJrekin «lehenbailehen» solastatzen hastearen alde agertu da.

Babesa Espainiatik

Oharrean bertan eskerrak eman dizkiote Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, baita haren alderdikideei ere, kanpainan emandako babesagatik: «Erabaki eremu guztietan sozialisten gobernuak duen garrantzia azpimarratu du babes horrek». Horrez gain, eskerrak eman dizkiete beren mezua zabaltzen lagundu dieten PSOEko kide guztiei ere.

Kataluniako hauteskundeak ere hizpide izan dituzte, eta Salvador Illari eta PSCri «emaitza ikaragarriak» izatea opa diete. Europako hauteskundeetan ere arrakasta bera izatea espero dute, sozialisten erranetan «funtsezkoak» izanen baitira «ultraeskuina gelditu, askatasunak defendatu eta elkarbizitzan eta bakean etorkizuna eraikitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.