Sozialistak ez daude amore emateko prest. Aitzitik, tinko eusten diote egungo Eusko Jaurlaritzak irauteko asmoari. PSE-EEko Arabako idazkari nagusi Txarli Prietok atzo esan zuenez, Patxi Lopezen gobernuak «luzerako bidea du oraindik», are gehiago PPrekin zuen ituna hautsi denean, «legegintzaldian aurrera egiteko moduan baita, morrontzarik gabe».
PSE-EEko gazteek Gasteizen egindako ekitaldi batean hartu zuen parte atzo Txarli Prietok, eta PSE-EEren eta PPren arteko itunaren haustura eta bozen balizko aurrerapena izan zituen mintzagai nagusiak.
EAJri eta PPri ohartarazi zien Patxi Lopezek eta Eusko Jaurlaritzak «luzerako bizia» dutela oraindik. Gainera, nabarmendu zuen PPrekin zuten ituna hautsita sozialistek «autonomia politikoa» berreskuratu dutela. Modu horretan, esan zuenez, Patxi Lopezen gobernuak «legegintzaldian aurrera egingo du, beste inongo aukera politikoren morroi izan gabe».
Hitzik gogorrenak EAEko PPko buru Antonio Basagoitirentzat gorde zituen Prietok. Arabako sozialisten idazkari nagusiak ez dio etorkizun oparorik ikustenPPko buruari: «Basagoiti ezerez politikora kondenatuta dago, bere interesak herritarren interesen gainetik jarri dituelako», esan zuen.
PSE: «Jaurlaritzak, morrontzatik libre, luzerako bizia du oraindik»
Prietorentzat, Basagoiti «ezerez politikora kondenatuta dago», bere interesak dituelako «ororen gainetik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu