Iñigo Cabacasen heriotzaren inguruko zalaparta politikoak ez du etenik. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuaren dimisio eskaera eta Ertzaintzari egindako kritikak eztabaida politikoaren erdigunean jarri dira. Sozialistak haserre daude azken egunotan Ertzaintzaren aurka ari direnekin, eta salatu dute hainbat alderdi gaztearen heriotza erabiltzen ari direla Ertzaintzari «ospea kentzeko». Hala esan du Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak, Radio Euskadin. Pastorrek Ertzaintzari izen ona kentzeko «kanpaina politikoa» hastea leporatu die alderdi politikoei, baina ohartarazi du sozialistek ez dutela onartuko halakorik egitea. Gertatutakoaren «egia» jakin aurretik batzuek gaia «politizatu» nahi izan dutela kritikatu du PSE-EEko eledunak.
Pastorrek uste du gaztearen heriotza «salbuespena» izan delaErtzaintzaren ibilbide «demokratikoan», eta «zuhurtzia» eskatu du ikerketaren ondorioak ezagutu bitartean.
Gisa berean hitz egin du Laura Garrido PPko legebiltzarkideak ere. Haren ustez, «lotsagarria» da ETAren indarkeria oraindik gaitzetsi ez dutenek Cabacasen heriotzatik «etekin politikoa» lortu nahi izatea. Gertatutakoa ikertzearen aldekoa da PP, baina ez du onartuko Ertzaintzaren lana zalantzan jartzea, Garridok esan duenez.
Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak ere ahotan izan du Cabacasen inguruko auzia. Ertzaintzaren «arduragabekeria» izan zela ziur da EAJkoa, eta ikerketa «azkarra eta zorrotza» eskatu du. Egibarren ustez, Herrizaingo sailburuak erantzukizun politikoa dauka gertatutakoan, baina dimisioa emateak ez luke ezer konponduko. «Inork ez dio bizitza itzuliko», esan du.
Ikerketa independentea exijitu du Egibarrek, «egia osoa» jakin dadin. Azaldu duenez, ikerketa batzorde independentea osatzearen aldekoa da haren alderdia, adituen esku gera dadin gertaera larrien ikerketa. Bestalde, Ertzaintzak aro politiko berriarekin bat egiteko eskatu du Egibarrek.
Aralarreko legebiltzarkide Dani Maezturen ustetan, ostera, Aresek «hitzetatik ekintzetara» igaro beharko luke eta dimisioa eman beharko luke. Cabacasen heriotzan «erantzukizun politikoak» badaudela iritzi dio Maeztuk, besteak beste, HerrizaingoSailak ez dituelako aintzat hartu Europak gomazko piloten inguruan emandako aholkuak.
Peñen martxa isila gaur
Cabacasen aldeko elkartasun keinuak zabalduz doaz. Gaur bertan, Athleticeko peñek martxa isila egingo dute 16:30ean, Bilboko Moyua plazatik abiatu eta San Mameseraino. Alemaniako Muller-Dani talde athleticzaleak eta Schalke04 futbol taldearen zaleak ere Bilbora etorriko dira. Gainera, Athleticek minutu bateko isilunea gordeko du gaurko partida hasi aurretik.
PSEk dio Ertzaintzari ospea kentzeko erabili nahi dela Cabacasen heriotza
Egibarrek uste du dimisioekin ez dela ezer konponduko; Maeztuk dio Aresek kargua utzi beharko lukeela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu