PSEk eta PPk oroimen historikoaren auzian duten «konplizitatea» salatu dute

Lau Haizetara Gogoan Eusko Legebiltzarrean izan da, frankismoaren biktimen eskubide urratzeak azaltzeko

Erredakzioa
Bilbo
2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Lau Haizetara Gogoan koordinakundeak salatu egin du PPk eta PSE-EEk oroimen historikoaren auzian duten «konplizitatea». Herenegun Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordearen aurrean egin zuen agerraldiaren ostean iritsi dira ondorio horretara, eta atzo Bilbon eman zuten prentsaurrekoa. «Egia jakitearen bidezko irtenbideak eragotzi nahi dituzte». PSOE eta PP «eskubide urratze horien eta zigorgabetasun egoera betikotzearen erantzule politikoak» direla adierazi dute.

1936ko altxamendu militarraren, erregimen frankistaren eta estatu indarkeriaren biktimek «jasaten» dituzten eskubide urratzeak salatzea zen agerraldiaren xedea. «Frogatutzat» jotzen dute egia jakiteko eskubidea, justiziarako eskubidea, eta kalte-ordainak jasotzeko eskubidea urratzen ari direla. Amnisty Internationalen txostenetan, Nazio Batuen Erakundearen ebazpenetan eta Europako Kontseiluaren gomendioetan oinarritzen dira eskubideak urratzen direla frogatutzat jotzeko.

Argudio eta helburu horiekin joan zen biktimen elkartea Eusko Legebiltzarrera. Oroimen historikoa berreskuratze aldera, politika publikoek izan behar dituzten gutxieneko baldintzen inguruko dokumentu bat ere aurkeztu zuten Giza Eskubideen Batzordean. Koordinakundearen arabera, talde parlamentarioen galderen unean «agerian» utzi zuten PPk eta PSE-EEk duten «konplizitatea». Mikel Unzalu PSE-EEko legebiltzarkidearen betekizuna azpimarratu du erakundeak, «Oroimen Historikoaren Lege deitzen dutena» defendatu zuen, nahiz eta «lege hori estatuko eta Euskal Herriko oroimenaren aldeko gizarte mugimendu gehienek baztertu».

Hemendik aurrera egingo dutena ere jakinarazi du taldeak. Estatuko eta nazioarteko erakunde eta gizarte eragileengana joko dute, egia jakiteko, justiziarako eta kalte-ordainak jasotzeko eskubideak urratzen direla salatzeko eta Euskal Herriko egiaren batzorde bat osa dadin eskatzeko.

Proposamen gehienei, ezetza

Biktimen Elkartea 2006an hasi zen lanean, eta jatorri ideologiko ezberdina duten talde ugarik osatzen dute. Aurten, giza eskubideen zuzendaritzari zenbait proposamen aurkeztu dizkio. Besteak beste, testigantzak jaso eta horiei balio juridikoa emateko aurrekontua handitzea; eskubide urratze guztien biktimen errolda bat egitea; desagertuen, fusilatuen eta ume lapurtuen DNA banku bat sortzea; biktimen eta senideen arretarako bulego bat eratzea; Memoriaren Kontseilu bat sortzea; eta eskubide urratzeen dokumentazio zentro bat sortzea. Azken bi proposamenak onartu ditu Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzak.

Dokumentu berean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzar nagusiek ez dutela proposamen bat bera ere onartu azpimarratzen dute, eta euren lana hainbat komunikabidetan isilarazi dela. Guztiagatik, arlo ezberdinetako eskaerak egin zizkion koordinakundeak agerraldian Giza Eskubideen Batzordeari: Biktimenganako jarrera aldatzeko, egiaren batzordea eratzeko, frankismoaren biktima guztien oroimena bermatzeko, beste biktima batzuekiko konparaketak ezabatzeko, gerrako krimenen kasuetarako EAEko eta Espainiako legedia nazioarteko irizpideetara moldatzeko eta 1936ko altxamendu militarrean eta frankismoan Espainiak izan zuen erantzukizuna zehazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.