PSNk «mugarik gabeko elkarrizketa» izan nahi du alderdi guztiekin

Kongresuko txostenean diote nafarrek «presarik gabe» hitz egin behar dutela etorkizunari buruz erabakitzeko

joxerra senar
Iruñea
2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Hilabete eta hamar egun behar izan du PSNk apirilaren 22ko batzarrean onartutako txosten politikoa idazteko eta webgunean jartzeko. Txosten horretan, hurrengo urteetarako ildo politikoa zehazten da, eta, zuzendaritzak orain arteizan duen diskurtso ofizialarekin alderatuta, aldaketa batzuk antzematen dira. Bakegintzaren alorrean elkarbizitza demokratikoa bermatzeko konpromisoa agertzen da txostenean, «inongo bazterketa politikorik gabekoa». Era berean, «subjektu aktibo» izateko asmoa azaldu du PSNk: «Ez dugu mugarik indar politiko guztiekin elkarrizketak izateko».

ETAren urriko erabakiaren ondotik Nafarroan «jokaleku berri bat» sortu dela dio. ETA desegiteko eta armak uzteko exijentzia berretsi du PSNk, eta iragarri du irmo jarraituko duela. Dena den, uste du ETAren «konpromisoa irmoa» dela, eta garrantzitsutzat jo du ezker abertzalearen hautua. «Ematen du, egunetik egunera hala baieztatzen delako, erakunde demokratikoen bidetik jotzeko erabakia hartu duela, ETAtik bereizteko eta antzeko helburu politikoekin bada ere».

PSNk gaineratu du ez dela erraza «terrorismoak mende erdian utzitako lorratza ezabatzea», baina, horren aurka, «presarik gabe», elkarrizketa politikoaren alde egin du: «Nafarrok eseri egin behar dugu elkarrekin hitz egiteko, gure historia demokratikoan lehen aldiz etorkizunari buruz erabakitzeko erabat libre garela barneratu arte; inongo zaintza armaturik gabe». Biktimei aitortza eman behar zaiela deritzo, eta epaile, erakunde, gobernu eta segurtasun indarrei babesa, baina elkarbizitza lortzeko konpromisoa hartzen du.

Era berean, «beste espetxe politika bat» aldarrikatu du. PSNren irudiko, «preso terroristek amaitutzat eman behar dute indarkeriaren zikloa, aldarrikatu behar dute indarkeria erabiltzea ez dela zilegi, eta erantzukizun pertsonala onartu behar dute». Gaineratu du amnistiak ez direla posible, baina presoak hurreratzearen alde azaldu da. PSNk dio «indarkeria terroristaren zauriak ixteko modua emango duen adostasun politikoa eta soziala» behar dela.

Hausturarako bide orria

Gobernuko partaide izateari buruz, txostenean jartzen du PPren eta UPNren hauteskunde itunak «konfiantza nabarmen» pitzatu duela. Gainera, «UPNko kontseilariei» zorroztasun eta seriotasun falta egotzi diete; metodologiarik ez dagoela kritikatu dute, eta gai jakin batzuetan «inprobisazioz» jokatzen dela. Egungo gobernua «egoeraren ondorio» da. Irizpide gisa jarri dute Nafarroako Gobernua Espainiako Gobernuak ezarritako neurrien aurka azaltzea baldin eta betetzeko nahitaezkoak ez badira, baita ongizate estatua bermatzea ere. «PSOEren estrategia federalaren barruan», PSNren lurralde batzarrak du azken hitza irizpide horiek betetzen diren aztertu eta gobernuan jarraitu behar den erabakitzeko. Hori da PSNren bide orria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.