PSNk Nafarroako Gobernuan duen jarduera geldialdian edo oraingoz uztea erabaki du, UPN gobernukideak ostiralean gobernuak 132 milioi euroren murrizketak egingo dituela jakinarazteagatik. Lana normal ez egitea da hori, PSNren arabera, eurek zuzenduriko batzordeetan gaiak ez jorratzea eta. "Gobernu krisia" konpondu artean izango du PSNk jokabide hori, gaur arratsaldean jakin denez.
Arratsaldean PSNko zuzendaritza bildu da eta oharra bidali du. Koalizio gobernuaren akordioak hautsita jarraitzen duela berresten du. UPNri 132 milioi euro murrizteko foru agindua ez ezartzeko eskatzen dio, eta ”benetako egoera” ezagutarazteko beharra azaltzen du. ”Arlo ekonomikoko ziurtasun hori gabe, Nafarroako Gobernua hautsi egingo da”.
Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusi eta Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak Yolanda Barcina lehendakariari goizean eman dio erabakiaren berri, alderdi sozialistako iturriek esan dutenez. Jimenez bera bihar Madrilen Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiarekin bilduko da. Aurretik hitzartuta zuten hitzordua, baina egun batzuk aurreratzea erabaki dute, gobernu krisia aztertzeko asmoz.
Ostiralean PSNko kideak 132 milioi euroko murrizketaren aurka azaldu ziren, eta iradoki zuten UPNk atzera egiten ez bazuen Nafarroako Gobernua utziko zuela alderdi sozialistak.
Juan Jose Lizarbe PSNko bozeramaileak gaur goizean esan du "borondatea" dutela krisia "gainditzeko"; hori bai, "adostasunarekin, ziurtasunarekin eta ezustekorik gabe" izaten bada.
Carlos Garcia Adanero UPNko idazkari nagusiak goizean onartu du "borondateak batzeko unea" dela, eta bien arteko akordio baten alde egin du, gobernuak "funtzionatzen jarrai dezan". Nafarroari egonkortasuna emateko eta urte amaieran defizit helburura heltzeko, beharrezkotzat jo du akordioa.