PSNrekin gobernu koalizioa osatu aurretik, programa hitzartu nahi du Barcinak

Catalanek «arduraz eta koherentziaz»jokatzeko eskatu dio PSNri, baita «ahalik eta azkarrena» egoera argitzeko ere

Erredakzioa
Iruñea
2011ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
UPNk PSNren zain jarraitzen du. Gobernu alternatiboa osatzeko aukera erabat urrundu da; aldiz, gero eta argiago dago Yolanda Barcina izango dela Nafarroako hurrengo lehendakaria. Ikusteko dago zein izango den gobernuaren formula. Batetik, aurreko legealdian bezala, PSNk UPNko gobernua kanpotik sostengatzeko aukera dago, baina gero eta indar handiagoa hartzen ari da PSN gobernuan sartzeko aukera. Hain justu horri buruz galdetuta, Barcinak ez du zehaztu zein aukera nahiago duen. PSNrekin gobernu koalizio bat osatu aurretik, gobernuaren programa hitzartu nahi duela, besterik ez du argituUPNko presidentea.

PSN gobernuan sartzeko aukerak zalantzak sortzen ditu UPNn: mugimendu hori ikusirik, PPk UPNri eremu politikoa irabaz diezaiokeelako. Dena den, hauteskundeetan boto galera handia izan dutenez, ikusteko dago PSNk kanpotik gobernua sostengatzearekin konformatzen den. Izan ere, iragan hauteskundeetan formula horrek batik bat PSN zigortu du.

Zalantza horiek argitu bitartean, gobernu egonkor eta sendo baten beharra dagoela azpimarratzen dihardu Barcinak. «Argi diot, eta PSNn ere badakite, esparru egonkor bat ezarri behar dugula». Haren iritziz, «Nafarroaren nortasunaren defentsa eta garapen ekonomikoa» diraaginterako bi ardatzak: «Zehatz- mehatz idatzita egon behar du, eta hortik aurrera hitz egingo dugu. Baina hori ez badago ezarrita, gainontzeko guztia soberan dago».

Mezu horretatik ez da atera UPNko hautagaia. Azpimarratu du herritar gehienek UPNn jarri dutela konfiantza, eta egonkortasuna beharrezkoa dela berretsi du. «Hori nahi dut nik, eta hori nahi dute herritarrek. Gainontzeko guztia politikarien hizkera da, eta ni orain herritarrekin nago».

Alberto Catalan Nafarroako Gobernuko eledunak, berriz, PSNri «arduraz eta koherentziaz» jokatzeko eskatu dio, baita «ahalik eta azkarrena» egoera argitzeko exijitu ere. Haren ustez, krisiari aurre egiteko Nafarroak «ahalik eta azkarrena» gobernua osatzea behar du, eta gaineratu du nafar gehienek ez luketela ulertuko Bildurekin PSNk hitzarmena egitea: «Bilduk ez du inongo erabaki ahalmenik izan behar».

PSNrekin negoziazioak formalki ez dira oraindik hasi. PSNk eskualdeetako idazkariekinbiltzen jarraitzen du, eta larunbatean bilduko da lurralde batzordea. Atzo, Diario de Noticias-ek jakitera eman zuen Roberto Jimenezek militanteei eskutitz bat igorri diela. Bertan «barkamena» eskatu du, baina alderdiaren lemazain izaten jarraitzeko borondatea agertu du. Haren ustez, emaitzek «bidegurutze batean» utzi dute Nafarroa, baina hala gobernurako nola udaletarako irtenbide onena bilatzeko erantzukizuna ere PSNren esku utzi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.