PSNren jarrera aldaketa, kezka eta desilusio iturri

Iruñerrian daude Aranguren, Beriain, Galar eta Noain Elortzibar, baina eremu erdaldunean, bertze udalerriak ez bezala

Asier Azpilikueta.
2008ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Noaingo aireportuaren ondoan (Nafarroa) muga bat dago. Handik iparraldera bizi diren herritarrek eskubide batzuk dituzte, euskarari dagokionez, eta hegoaldera bizi direnek apenas duten eskubiderik. «Batzuetan, muga hori aipatzen dutenean, Mexikoren eta AEBen arteko mugaz ari direla ematen du», erran du Fermin Fernandez beriaindarrak. Zazpi eta bortz urteko bi seme ditu. Beriaindik Iruñera joan behar izaten dute, autobusez, euskaraz ikasteko.

Euskararen Legeak ez du erraten Gobernuak debekatua duenik eremu erdaldunean D eredua eskaintzea. Hala ere, debeku hori benetakoa balitz bezala jokatu izan du. Hala, Fernandezek gogoratu du nola Noaingo gurasoakantolatu zirenean herrian D ereduko lerroa jar zezaten Gobernukoek erantzun zioten ez zutela halakorik eginen Noain eremu erdaldunean dagoelako.

Hori entzunda, gurasoetako batzuek autobusa antolatu zuten haurrak Iruñeko ikastola publiko hurbilenera bidaltzeko. Gero, Elortzibarko bertze herrietakoak batu zitzaizkien, eta Beriaingoak, eta Imarkoaingoak, eta Campanaskoak... Iragan ikasturtean, 28 haur eramaten zituen autobusak. Ordaintzeko, Noaingo eta Beriaingo udalen laguntza zuten. Eta Euskadiko Kutxarena. Eta urdaiazpikoren bat zozketatu zuten. Gainerakoa, gurasoek ordaindu zuten.

Eskolarik hurbilena aukeratzen duten herritarrei askoz ere diru laguntza handiagoa ematen die Gobernuak, urruti dagoen hizkuntz ereduko bat aukeratzen dutenei baino. «Gobernuak eman didan bekarekin bi haurren hilabete bateko jantokia ordaindu dut», azaldu du Fernandezek. «Baztertuta sentitzen naiz, publikoa eta doanekoa izan behar lukeen zerbait aukeratzeagatik».

D eredua Noainen

Ikasturte honetan, D ereduko lerroa zabalduko dute Noaingo eskola publikoan. Hiru urtekoekin hasiko dira. Beraz, urteak pasatuko dira Fernandezen haurren autobusa hustu arte. Isabel Armendariz noaindarraren alabak estreinatuko du lerroa. Eremu mistoan sartzeko aferari dagokionez, Armendarizek dio D ereduaren aldekoek «gaizki» hartu dituztela UPNko alkatearen hitzak. «Alkateak dio bakarrik %10-12 dagoela eremu mistoan sartzearen alde. Oso haserre gaude».

Jose Manuel Perezen alabak ezin izanen du Noainen D eredua estreinatu; 11 urte baititu. Zortzi urte daramatza autobusarekin gora eta behera. «Hemendik gutxira, institutura joan behar izanen duten haurren gurasook hitz egin behar dugu, ea autobus berean bidaltzen ditugun ikusteko». Eremu mistoan sartzeko kontua «gaizki» dagoela ikusten du Perezek. «Are gehiago alkatearen adierazpenen ondotik».

Aranguren, ele bitan

Noainen bezala, Arangurenen, ikasturte honetan, hiru urteko hamar haur euskaraz hasiko dira Mutiloabeiti herriko San Pedro eskola publikoan. Nafarroako Gobernuaren erabakia izan da. Edo urte askoko borrokaren fruitua. Nondik begiratzen zaion.

PSNren iritzi aldaketak kolokan jarri du Aranguren eremu mistoan sartzeko aukera, eta horrek «kezka» eta «desilusioa» sortu du herritarren artean, Arangurengo euskara teknikari Olatz Zabaletaren ustez. «Zenbait guraso hurbildu zaizkit galdetzera ea horrek D ereduaren ezarpenean atzera buelta ekarriko duen. Ez du ekarriko».

Eremu mistoko bertze udalerri batzuek baino anitzez zerbitzu gehiago ematen ditu Arangurenek euskaraz. Konparazio batera, Arangurengo Udalak 1.500 euro emanen ditu aurten euskara ikasteko diru laguntzetan. Biztanle kopuruaren proportzioari eutsiko balio, Iruñeko Udalak 45.000 euro eman beharko lituzke. Eta, benetan, 5.000 banatuko ditu.

Beraz, zer aldatuko litzateke Arangurenen, eremu mistoan sartuta? Zabaletak uste du, praktikan ez lukeela eragin handirik izanen. «Baina egonkortasun handiagoa emanen lioke Udalak egiten duenari. Hemengo jendeak urte asko darama eremu mistoan sartzeko ahalegin horretan, eta ez dute ulertzen kanpoan egotea».

Irulegi euskara taldeko kide Juli Fernandezek dio «oso pozik» zeudela eremu mistoan sartzeko kontu horrekin, eta «haserrea» sortu duela PSNren iritzi aldaketak. «Egia esateko, ez dakigu zer eginen duten».

Javier Izkok badaki, bai, sei urteko semea autobusean sartzen segitu behar duela Iruñeko euskarazko eskolara joan dadin. Labio herrikoa da Izko. «Autobuserako eta jantokirako laguntza ematendit Gobernuak. Baina Mutiloabeitikoei ez. Han eskola dutela erraten baitiete. Noski, eskola hori erdalduna da». Arangurengo Udalak diruz laguntzen du autobus hori. Galarko Udalak lagundu ez, ordaindu egiten du D eredukoen autobusa. Aurten, 27.000 euro ingurukoa izan da gastua. Dirutza da eremu mistoan sartu nahi duen udalerri txikienarendako. Ricardo Ariz alkateak uste du eremu mistoan sartuta Gobernuak ordainduko lukeela.





Nafarroako Euskararen Legearen kronologia

1986

Euskararen Legea onartu zuten. PSNk (20) eta AP-PDP-UL taldeak (8) legearen alde bozkatu zuten (29). Eusko Alkartasuna sortu berriak (3), aldiz, kontra. UPN abstenitu egin zen (13); eta Herri Batasuneko parlamentariek (6) ez zuten bozketan parte hartu.

1994

Legea aldatzeko saioa egin zuen Eusko Alkartasunak. Legeak eremu mistoko hezkuntzari buruz dioena eremu erdaldunera hedatzeko eskatu zuen. Ez zen aurrera atera. PSNk (19), EAk (3) eta IUk (2) alde egin zuten. UPNk (20) eta HBk (6) ez zuten babestu ekimena.

2000

Aralarren ekimenez Parlamentuan sorturiko hizkuntza politikarako batzorde txostengilearen txostenak UPNren eta PSNren babesa jaso zuen; ez bertze taldeena. Txostenak zioen Euskararen Legearen aldaketa ez zela «egungo errealitate soziolinguistikorako ez gomendagarria, ez egokia». Eta gaineratzen zuen eremuen arteko banaketa «Foru Erkidegoaren izaeraren marka bereziaren parte» zela.

2008

Otsailak 14. Ezker Batuak aurkezturiko mozioa -Aranguren, Beriain, Galar eta Noain Elortzibar udalerriak eremu mistoan sartzeko eskatzen zuena- aurrera atera zen, NaBairen (12), PSNren (12) eta IUren (2) aldeko botoekin. UPNk (22) eta CDNk (2) kontra bozkatu zuten.

Apirilak 24. Euskararen Legea aldatzeko IUren lege proposamena onartu zuen Foru Erregimeneko Batzordeak. NaBaik bi zuzenketa subsidiario egin zituen. Lehenak eskatzen zuen euskara Nafarroa osoan izatea koofiziala. Bigarrenak eremu mistoa bertze 24 udalerritara zabaltzeko eskatzen zuen. UPNk, PSNk eta CDNk kontra egin zuten, eta IU, abstenitu.

Maiatzak 8. Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkuran, Euskararen Legearen erreforma ez zen aurrera atera, boto bakar batengatik. Txentxo Jimenez (NaBai) ez zen osoko bilkuran izan, oporretan zegoelako. Egun berean, IUk lege proposamena aurkeztu zuen berriz, bertze batean bozka zedin.

Ekainak 26. IUren lege proposamena tramiterako onartu zuten, berriz.

Ekainak 27 eta 28. PSNk kongresua egin zuen Iruñean, eta, dirudienez, erabaki zuten Euskararen Legea aldatzeko baldintza gehiago behar zirela: udalerrietako udalbatzen gehiengo osoa izatea eta ikerketa soziolinguistikoak egitea. Erabaki horrek kolokan jartzen du IUren lege proposamena.





Eremu mistoan sartzeko eskatuko dute Arangurengo eta Galarko udalek; litekeena da Beriaingoak ere egitea; eta Noaingoak ez du eginen.

Lau udaletik hiru, edo bi

A.A. Iruñea

Eremu mistoan sartu ala ez. Badirudi lau udalerrietako udalek horren inguruko erabakiren bat hartu behar izanen dutela. Arangurenen aise aterako da eremu mistoan sartzearen aldeko akordioa, alkatetza duen taldeak hamar boto baititu, eta UPNk hiru bertzerik ez. Galarren ere eremu mistoan sartzearen alde dago udalbatzaren gehiengoa. «Ibarreko gehiengoa aspaldi dago horren zain», erran du Ricardo Ariz alkateak. «Eta, horregatik, alderdi sozialistaren jokabideak harritu egin gaitu».

Galarko Udalak ez du sekula eskaera formalik egin eremu mistoan sar dezaten. Baina egin behar izanez gero eginen dutela dio Arizek. «Kontu honi ez diogu behar baino garrantzi handiagoa ematen, baina ezta kentzen ere. Eremu mistoan egon behar dugula uste dugu, eta kito».

Beriainen irailean gaiari buruzko mozioa eztabaidatu behar dute. Rafael Blanco alkate sozialistak erran izan du PSNk orain arte izan duen jarrerari eustearen aldekoa dela, eremu mistoan sartzeari «abantailak bertzerik ez» diolako ikusten, eta herritar gehienek nahi dutelako.

Batzuek ez dute kontua hain garbi ikusten. Josema Menendez NaBaiko zinegotziak azaldu duenez, PSNk dituen hiru zinegotzietatik batek erran dio baiezko botoa emanen duela. «Alkatearen eta bertze zinegotzi sozialistaren artean bertze baiezko bat behar dugu, UPNri irabazteko. Baina iruditzen zait alkateak abstentziora joko duela».

Azkenik, badirudi Noaingo Udalak ez duela eremu mistoan sartzeko erabakirik hartuko, UPNk gehiengo osoa baitu. Miguel Elizari alkateak erran izan du «inork ere» ez duela sinesten 2006an Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak aginduta egin zen inkesta. Inkestaren arabera, herritar gehienak eremu mistoan sartzearen aldekoak ziren. Elizarik dio gehiengoa kontra dagoela; areago, alde daudenak «oso gutxi» direla. Eta bertze estudio «fidagarri» bat egiteko eskatu du.





Manuel Romero Arangurengo alkatea

«Aldaketa eginen dute, sen ona nagusituko baita»

A. A. Iruñea

Euskarari dagokionez, eremu mistoan dauden bertze udalerri batzuek baino gehiago ematen du Arangurengo Udalak, eremu ersaldunean egonagatik ere. Euskararen Legearen erreformaren inguruan, Manuel Romero alkateak uste du azkenean «sen ona» nagusituko dela.

Zer iruditu zaizu PSNren iritzi aldaketa?

UPNrekin dituen paktuak kontuan hartuta, argi dago PSNk zailtasunak dituela lehen gai honen inguruan agertzen zuen argitasunari eusteko. Gainera, iruditzen zait PSN gai hau erabiltzen ari dela NaBairi min egiteko. Dena dela, iritzi aldaketa hori ez da ulertzekoa, eta herritarrak izanen dira erabaki horren eragin txarra pairatuko dutenak. Herritarren interesen defentsak gidatu beharko luke politika, baina erabaki horrekin printzipio hori ezbaian jartzen dute.

Bi baldintza jarri ditu PSNk. Baina baldintza horiek mahai gainean daude dagoeneko, ezta?

NUPeko adituek Arangurenen egin zuten ikerketa soziolinguistikoak zioen Arangurengo biztanleen %74k begi onez ikusiko luketela eremu mistoan sartzea. Eta hori hor dago. Argi dago Iruñerrian errealitate bat dagoela, eta errealitate hori ez dela udalerrietatik udalerrietara askorik aldatzen. Ikerketaz aparte, udalbatzaren gehiengo osoa eskatzen du PSNk. Ez dakit zergatik. Kontua gehiegi korapilatzea da. Iruñerriko biztanle guztiek eskubide berak izan beharko lituzkete. Kontrakoa egitea diskriminazioa da. Baina PSNk udalbatzaren akordioa nahi badu, emanen diogu. Arangurenen ez dugu horretarako batere arazorik. Dena dela, ikusteko dago ea PSNk orain hartu duen jarrerari eutsiko ote dion.

Eremu mistoan dauden bertze hainbat udalerritan baino anitzez hobeki tratatzen duzue euskara Arangurenen. Zerbait aldatuko litzateke eremu mistoan sartuta?

Ez, apenas. Guk aspalditik dugu euskara teknikaria, ele bitan errotulatu dugu, herritarrak D eredura joateko laguntzak eman ditugu... Baina Nafarroako Gobernuko kontuetan euskara desagertzen da. Eremu mistoan sartuta, jada dagoen egoera bat finkatuko litzateke. Egoera den modukoa da Udalean dagoen taldeak hala erabakita. Bertze batzuk baleude, akaso ezberdina izanen litzateke kontua. Baina legea aldatzen badugu, denek pasatu beharko dute hortik.

Hizkuntza muga baten ondoan bizi omen zarete.

Bai. Halakoekin ibiltzeak ez du inolako zentzurik. Hasteko, harrigarria da zergatik utzi zituzten lau udalerri hauek eremu mistotik kanpo. Ez dakit zein datutan oinarritu ziren halako erabakia hartzeko. Lau udalerri hauen ezaugarriak Iruñerriko bertzeen antzekoak baitira. Beraz, jada existitzen den gauza bat onartzea bertzerik ez da aldaketa.

Nola bukatuko da hau guztia?

Nik uste dut aldaketa eginen dela, sen ona nagusituko delako. Ez dakit noiz eta nola, baina aldatuko da. Kontrakoak ez baitu zentzurik. Baina hau guztia askoz ere modu errazagoan egin zitekeen. UPNri trebetasuna falta izan zaio, eta euskararen inguruan pentsatzen dutena erakutsi dute. UPNk berak ekimena gidatu izan balu, erabat ulergarria litzateke aldaketa. Eremu mistoan egotea ala ez, hori ez dago jendearen lehentasunen artean. Hori argi dago. Baina jendea ez dago kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.