PSNren politikaren ardatza elkarbizitzarako esparrua bilatzea dela dio Jimenezek

Chaconek sinatutako agiriarekin bat egitea eta Rubalcabaren aurkezpenean egotea bateragarria dela deritzo

Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusia, atzo kazetariekin izandako gosarian. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2012ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
«Egoera aldatu egin da». Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusi ak bere diskurtsoan «geldi-geldirik» egotea ez dela ona azaldu dio UPNri. «Ez gaude duela duela bi hilabete eta erdi bezala, orduan ETAren jarduera kriminala indarrean zegoelako eta orain ez». Horregatik «gauzak aldatu» egin behar direla iritzi dio, eta azaldu du etorkizunera begira elkarbizitzarako esparruak bilatzea izango dela PSNren politikaren ardatza, gehiago zehaztu gabe.

Espetxe politikari dagokionez,abenduaren 19an Parlamentuko Eledunen Batzordean UPN eta PP ez beste alderdiek onartutako adierazpena defenditu du Roberto Jimenezek. PSNk aurkeztutako mozio horrek espetxe politika malgutzea eta presoak hurreratzea eskatzen dio Espainiako Gobernuari, betiere «damua erakusten badute». Beste alderdiei jakinarazi gabe damua erakusteko baldintza hori azken orduan sartu izana eta aurretik hitzartutakoa ez bete izana leporatu zion Bilduk PSNri.

UPNk eta PPk, berriz, gogor kritikatu zuten adierazpen haren edukia. Atzo, Roberto Jimenezek UPNri eta PPri erantzun zien adierazpen horren edukia «egungo espetxe politika» dela.

Sakabanaketa presoen senideentzat zigor gehigarri bat ote den galdetu zion kazetari batek. Jimenezen arabera, senideak bisitatzera «hilerrira» joan behar dutenentzat da zigorra. «Espetxean direnak ez daude hor Osasunaren partidak ikustera joategatik, delituak egin dituztelako baizik». PSNko agintariaren arabera, «hurrengo pausoa izan behar du ETAk barkamena eskatzea».

PSOEren barne eztabaida

Otsailaren 3tik 5era PSOEk egingo duen kongresu erabakigarriari begira Roberto Jimenezek orain arte erakutsitako jarrerak harridura eragin du Nafarroan. Alde batetik, Mucho PSOE por hacer —euskaraz, PSOE asko egiteko— agiriaren sinatzaileetako bat da Jimenez, Carmen Chacon eta Francisco Caamaño ministro ohiekin batera. Bestetik, iragan astean Alfredo Perez Rubalcabak bere hautagaitza ofizialki aurkezteko egindako aurkezpenean izan zen.

Jimenezen arabera, agiri hori sinatzea eta Rubalcabaren adierazpenean egotea «bateragarria» da. «Rubalcaba nire taldekoa da, eta agiriaren sinatzaileak nire taldekoak dira. Beste hautagai bat aurkezten bada, han egongo naiz. Ez da alderdi desberdinetako arerioen arteko lehia, alderdikideen artekoa baizik. Horrek esan nahi du errespetua eta elkarlana». Haren hitzetan, ez da harrigarria jarrera hori, hautagaitza posible guztien proposamenak entzun behar direlako.

Jimenezek ez daki Carmen Chacon azkenean lehia horretan sartuko den, baina PSNko idazkari nagusiaren arabera, askatasunezko ariketa hori osasungarria zaio Alderdi Sozialistari. Era berean, argi utzi nahi izan du Nafarroatik Kongresura joango diren ordezkariek ez dutela PSNren inongo agindurik izango. Ideien arteko eztabaida defenditu du.

Juan Moscoso del Prado diputatu nafarra Rubalcabaren taldeko eledunetako bat izango da. Aukera horri buruz galdetu zionean Moscosok, Jimenezek «animatu» egin zuen. «Gauzak argi baditu, zoragarri deritzot. Ez da ezer gertatzen». Bai Moscosok eta bai Jimenezek garrantzia kendu nahi izan diote bakoitzak orain arte barne eztabaida horretan azaldutako jarrera desberdinduari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.