PSOEk Nicolas Redondo kanporatu du, bere siglak «behin eta berriz gutxiesteagatik»

Redondoren adierazpenak politikako garai «erabakigarri» batean egin dituela dio PSOEk, eta horrek «kalte konponezina» ekartzen ahal diola alderdiari.

Nicolas Redondo,artxiboko irudi batean. MARISCAL / EFE
Isabel Jaurena.
2023ko irailaren 14a
17:17
Entzun

PSOEko zuzendaritzak joan den astelehenean erabaki zuen Nicolas Redondo Terreros –1997tik 2001era PSE-EEko buru izandakoa– alderditik kanporatzea, bere siglak «behin eta berriz gutxiesteagatik». Ez da lehenbiziko aldia Redondori espedientea irekitzen diotela, duela bi urte ere ireki baitzioten, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentearen kanpaina batean parte hartzeagatik. Espedientea artxibatu zioten barkamena eskatu zuelako, eta erran zuelako berak ez zuela eskatu PPren aldeko babesik.

Joan den abuztuaren 19an, PSOEren Batzorde Exekutibo Federalak Redondok egindako zenbait adierazpenen berri izan zuen. Ondorioztatu zuten taldearen «printzipioen kontrakoa» zela errandakoa. Espainiako Kongresuko Mahaiko presidentetza lortzeko PSOEk eta alderdi Katalanek akordioa egin ostean, adibidez, adierazpen hauek egin zituen Redondok: «Onartezina da [Espainiako] Gobernuak iheslari bati uztea bera bahitzen» edo «Gure historia modernoko pasarterik lotsagarrienen zerrendan egongo da».

Joan den irailaren 3an ere, bere alderdiaren kontrako adierazpenak egin zituen, hainbat hedabidetan argitaratu zen iritzi artikulu batean: «Ez didate zor, eta ez diet zor. Eta kontua kitatzeko askatasunaz esan dezaket, ahotsak dar-dar egin gabe, ezein gobernuren eraketak eta are gutxiago inoren asmoek merezi dutela gutako bakoitzak dugun gauzarik estimagarrienaren sakrifizioa: duintasuna».

Alderdiko estatutuek diote taldeko norbaitek «alderdiarekiko edo afiliatuekiko desleialtasunez bere iritziak publikoki» adierazten baditu zigortua izanen dela. Hortaz, zenbait hedabidek zabaldu dutenaren arabera, espedienteak dio erabaki dutela «militantzia kautelaz eteteko neurria hartzea, PSOEren irudi publikoa babesteko». Izan ere, alderdiak dio Redondok garai politiko «erabakigarri» batean egin dituela adierazpenak, eta «horrek kalte konponezina ekar liezaioke PSOEri».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.