Politika

Puigdemonten mezua izango da larunbatean Gernikan, GEDren ekitaldian

Ekitaldian parte hartzeko deia egin die herritarrei Angel Oiarbidek, "bake, demokrazia eta askatasun eskarekin bat eginez". Quim Torra Kataluniako presidenteak babesa agertu dio ekitaldiari.

Quim Torra Kataluniako presidentea, Gure Esku Dago-k larunbaterako antolatu duen ekitaldia iragartzeko kartelarekin. @GUREESKUDAGO
2018ko irailaren 27a
16:37
Entzun

Astra alboko parkinean Picassoren Gernika handi bat pintatu dute, "sormen eta auzolan handi baten ondoren". 100 x 50 metro zabal da, eta "sateliteetatik ikusteko modukoa" da, Angel Oiarbideren arabera. Horixe nahi dute, bazter guztietatik ikustea, "mundura mezua zabaltzeko" baliatu nahi baitute. Hau da mezua: "XXI. mendean erronka eta asmo politikoek bide politikoak izan behar dituzte".

Larunbatean, ekitaldi politikoa egingo dute Gernikan, pintatu duten muralaren inguruan. Han Kataluniako eta Euskal Herriko eragile politiko eta sozialen ordezkaritza zabala izango dela iragarri du gaur Oiarbidek, eta, besteak beste, Carles Puigdemont mintzatuko dela, bideoz. Quim Torra Kataluniako presidenteak ere babesa agertu dio ekitaldiari.

Urriaren 1aren karietara antolatu dute ekitaldia. Katalunian errepublikarako erreferenduma egin zuten iaz, egun horretan. "Herritarrek izandako duintasun, determinazio eta borondate guztiarekin bat egingo dugu", esan du Oiarbidek gaur, Gernikan bertan. Mezu hori mundura zabaltzeko, larunbatean 17:30ean Astra alboko parkinera joateko deia egin dute.

EH Bilduk jakinarazi du koalizioko kideek parte hartuko dutela ekitaldi horretan. Besteak beste, Maddalen Iriarte legebiltzarkidea joango da. "Oztopo guztiak gaindituta herri batek bere etorkizuna erabaki dezakeela erakutsi zuen Kataluniako herriak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.