Udal Legeari buruzko hausnarketa egiteko, agerraldia iragarrita zeukaten atzo goizerako Juanjo Agirrezabala EAren legebiltzarkideak, Oihane Zabaleta Urretxuko alkateak eta Mariano Alaba Amurrioko zinegotziak Eusko Legebiltzarreko prentsa aretoan. Hitzordua egin baino bi ordu lehenago, ordea, EAren legebiltzar taldeak Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidentearen ohar bat jaso zuen postaz. EAk iragarritako prentsaurrekoa egin zezakeela zioen oharrak, baina «kanpoko pertsonen» laguntzarik gabe egin beharko zuela. Bilduko hautetsiei debekatu egin zien Legebiltzarrean sartzea.
Quirogarekin hitz egiten saiatu zen Agirrezabala, baina ez zuen lortu. Agerraldirako ordua iritsi zenean, Zabaleta eta Alaba Legebiltzarrera joan ziren, eta arazorik gabe sartu. Hortaz, hirurek egin zuten aurreikusitako agerraldia. Hasi aurretik, presidentea «adierazpen eta prentsa askatasuna urratzen» saiatu zela salatu zuen Agirrezabalak. Legebiltzarkideek prentsaurrekoak norekin egin ditzaketen eta norekin ez esateko inor ez dela esan zion Quirogari.
Segurtasunaren izenean
PPkoak idatziz erantzun zion EAkoari. «Instituzioaren ordena eta segurtasuna bermatzeko» hartu beharreko erabaki guztiak hartzeko gaitasuna duela zehaztu zuen, eta, beraz, Legebiltzarrean nor sartu daitekeen erabaki dezakeela. Beste ohar bat ere igorri zion: presidentearen agindua ez betetzeagatik diziplina zigorra ezartzeko mehatxua.
EAkoak Quirogaren «intolerantzia» salatu, eta «oinarrizko printzipio demokratikoak urratzea» aurpegiratu zion. Gainera, Bozeramaileen Batzordean protesta egingo duela iragarri zuen.
Quirogak zigorrarekin mehatxatu du EA, Bildurekin agertzeagatik
Eusko Legebiltzarreko presidenteak Bilduko hautetsiei sarrera debekatu arren, haiekin egin du agerraldia EAk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu