politika

Rafa Diez aske uzteko erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu du Fiskaltzak

Baltasar Garzonek astelehenean behin-behinean libre utzi zuen ezker abertzaleko kidea, honek ama zaindu behar duelako. Fiskaltzak dio arrazoi hori "artifiziala" dela eta Diezek kartzelan egon behar duela.

2010eko apirilaren 28a
17:43
Entzun
Vicente Gonzalez Mota Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak Rafa Diez ezker abertzaleko kidea aske utzi duen erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu du gaur. Baltasar Garzon epaileak hartu zuen, astelehenean, hura behin-behinean libre lagatzeko neurria, honek ama zaindu behar duela argudiatuta. Fiskaltzaren ustez, arrazoi hori "artifiziala" da, Diezek "gezurretik sortutakoa", eta Auzitegi Nazionalari eskatu dio ezker abertzaleko kideak espetxean egon behar duela. Auzitegiak eskaera horri buruzko erabakia hartu beharko du orain.

30.000 euroko bermea ordainduta irten zen Estremerako kartzelatik (Espainia) LABeko idazkari nagusi ohia. Hamabostero eman beharko dio amaren zaintzaren berri epaileari. Horretaz gain, astean bitan ertzain etxera joan beharko du sinatzera, ezingo da irten Espainiako Estatutik baimen judizialik barik eta politikan aritzeko baldintzak izango ditu.

Iazko urriaren 13an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, LABen Donostiako egoitzan, Batasunaren Mahai Nazionala berriro osatu nahi zuelakoan.

Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Amaia Esnal, Txelui Moreno, Miren Zalabeta, Mañel Serra eta Ainara Oiz ere atzeman zituzten operazio berean Donostian, Hernanin, Iruñean eta Burlatan, Garzonek epaileak aginduta. Otegi, Diez, Jacinto, Rodriguez eta Zabaleta kartzelara bidali zituen, eta bostak preso daude harrezkero. Urtarrilaren 25ean auzipetu egin zituen Garzonek. Etxeberria eta Oiz baldintzarik gabe libre geratu ziren, eta Morenori, Esnali eta Serrari hamarna mila euroko bermea jarri zien -hiru horiek ere auzipetuta ditu-.

Haiek atzeman eta lau egunera manifestazio handia izan zen Donostian, ELAk, LABek, ESK-k, EILASek, EHNEk eta Hiruk antolatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.